Mapa eskuan, pentsatu, korrika egin eta gozatu
'Ikastetxe bat, mapa bat' proiektuaren baitan orientazio kirola probatu dute Ordiziako Jakintza ikastolako ikasleek. Gipuzkoako Orientazio Taldearen ekimenez sortu zen proiektua eta esperientzia «bikaina» da.
Talde lana, ariketa fisikoa eta mentala, mapa bat irakurtzeko abilezia garatzea,… kirol oso kopletoa da orientazio kirola, eta geroz eta jarraitzaile gehiago ditu. Ordiziako Jakintza ikastolako ikasleek ere probatu ahal izan dute azkeneko ikasturtean, Ikastetxe bat mapa bat proiektuari esker. Duela bi urte abiarazi zuen GOT-ek (Gipuzkoako Orientazio Taldea) ikastetxeei zuzenduta dagoen proiektu hori, eta orientazio kirola ikasleen artean sustatzea du helburu. Aurten, Gipuzkoako Mendi Federazioak bere gain hartu du proiektuaren ardura, GOT-ekin batera.
Proposamen berri honi baietz esan eta esperientzia «bikaina» izaten ari dela esan du Jakintza ikastolako Urko Mitxelenak. Orain arte lau saio egin dituztela kontatu du: «Lehenengo biak, espazio itxietan egin genituen, neurria hartzen joateko, hirugarren saioa, futbol zelai inguruetan, eta laugarrena, Oiangun egin dugu, mapa bat osatuta dagoela aprobetxatuz».
Astelehen goiza, eguraldi bikaina, Oiangu naturgune zoragarria eta mapa bat eskuan. Hala hasi zuen astea Ordiziako Jakintza ikastolako ikasle talde batek, eta zuten jarduera egiten ari ziren bitartean, nabarmena zen, ederki pasatzen ari zirela.
Mitxelenak azaldu duenez, «bi osagai» ditu orientazio kirolak: «Fisikoa eta mentala, pentsatu eta korrika egin behar baita». Jolas moduan har daiteke, eta konturatu gabe, bizitzako momentu desberdinetan oso baliagarriak izan daitezkeen zentzuak lantzen dira: «Mapa eskuan dutela, kokatzen jakin behar da, baita nora eta nondik joan behar den jakin ere, erabakiak hartzen ikasten da,…». Eta gainera, badu beste alderdi «oso positibo» bat, «naturan kirola egiteko aukera bat baita».
Taldeak osatu eta mapa eskuan, bertan dagoen ibilbidea osatu behar da. Irteera eta helmuga markatuta dituzte, eta pasoko toki batzuk, baliza batzuekin. Baliza horietako bakoitzak zenbaki bat dauka. Ikasleek baliza bakoitza aurkitu, eta bertan aurkitu duten letra, kontrol txartelean gehitu behar dute. Helburu nagusia da «ikastea, baina batez ere ongi pasatzea».