Urbi etxe adinekoentzat egokitzeko lanak kontratatzeko prozesua, hasita
Aranealderen egoitza Urbi etxeko solairuartera lekualdatuko dute. Ingurua prestatzeko lanak irailean hastea espero dute. Lanak nori esleitu erabakitzea falta da
Beasaingo Udalbatzak erretiratuen egoitza berria eraikitzeko lanak kontratatzeko prozesuari onespena eman zion maiatzeko osoko bilkuran. Udalak esku artean duen proiektu «garrantzitsuenetako» bat dela azpimarratu zuen.
Egoitza Urbi etxera lekualdatuko dute, solairuartera. 600 metro koadro izango ditu. Espazioaren banaketa udalak eta Aranealdeko kideek elkarlanean diseinatu dute. Erabilera anitzeko guneak prestatuko dituzte funtsean, jarduerak oztoporik gabe egin ahal izateko. Erabiltzaileentzat ere erosoagoa izango da, egoitza berria herrigunean bertan egongo delako. Gainera, irisgarria izango da, Nafarroa etorbidearen eta Oriamendi kalearen artean eraikitzen ari diren igogailuak egoitzaren parean geralekua izango duelako. Igogailuaren lanak martxan daude eta Irailerako amaitzea espero dute.
Otsailerako, prest
Urbi etxeko espazioa egokitzeko lanak orduan hasiko dira, irailean, tramiteen epeak betetzen badira. Behin lanak kontratatzeko prozesua hasita, interesa duten enpresek euren burua aurkeztu beharko dute eta udalak horietako bati esleituko dio enkargua. Lanak bost hilabetetan amaituta izango dituztela aurreikusten dute, otsaila ingururako. Lanen aurrekontua 706.367,52koa da, BEZa barne.
Aranealderen egoitza zaharra eraitsi egingo dute, egitura arazoak dituelako. Bi solairuetako bi hormetan pitzadurak agertu ziren eta habe artifizialek eusten dute, arriskuak txikitzeko.
Murumendin ere erabilera anitzeko gela egingo dute
Murumendi ikastetxean erabilera anitzeko gela egiteko lanen esleipena ere onartu zuen udalbatzak. Unebide obras y contratas S. L. enpresak egingo ditu lanak, hamar asteko epean. Klaseak ez oztopatzeko obrak uda garaian egingo dituzte. 123.726 + BEZ da proeiktuaren aurrekontua.