‘Eta zu, zeren beldur zara?’ bakarrizketa estreinatuko du Gorka Lariz ordiziarrak
Bakarrizketa formatua berreskuratuta Barrenako oholtzara igoko da Gorka Lariz aktore ordiarra .Bakarrizketa bat euskaraz egingo duen lehen aldia da .Sarrerak eskuragarri daude jada.
Gorka Lariz aktore ordiziarra Barrena jauregiko eskenatokira igoko da, Eta zu, zeren beldur zara? bakarrizketa saioa egitera. Lehenengo aldia du horrelako formatuan euskaraz egiten duela. Ekainaren 17an da estreinua, Hitzaro Euskara Elkartearen eta Ordiziako Udalaren babesarekin.
Duela 20 urte inguru hasi zen Lariz bakarrizketa saioak egiten; «Garai hartan, Madrilen eta, ibili nintzen bakarrizketa saioak egiten, anaia Garikoitzekin eta baita beste hainbat artistekin batera ere». Kike Biguri, May Gorostiaga, Imanol Arizti,… batera bakarrizketalari taldetxoa osatu zuten eta emanaldi ugari egin zituzten, Goierrin bertan eta Goierritik kanpora ere. Formatu horretan taularatu zuen azkeneko lana «duela zazpi» urte izan zen.
Bitartean, Urrup antzerki taldearekin ere aritu da talde lanean, antzezlan ugaritan lan egin duelarik, hamarnaka pertsonaien azalean sartuz.
Baina artista ordiziarrak berak aitortu du, aspalditik bazuela gogoa berriro ere bakarrizketa formatua berreskuratzeko, eta osasun larrialdiak, taldean entseguak egiteko sortu dituen oztopoak, positibora eraman ditu, hala, ekainaren 17an estreinatuko duen bakarrizketa prestatzeko hartu baitu denbora.
Eta zu, zeren beldur zara? bakarrizketan, «egunerokotasuneko kontuek dute pixua, eta beldurrek ere, beldur fisikoak eta emozionalak,baina batez ere, ongi pasatzeko aitzakia bat da, non ikuslea, momentuoro kontatutakoarekin islatuta sentituko den». Hitz horiekin, herritar guztiak gonbidatu ditu estreinuarekin gozatzera, «baina batez ere, nire adin tarte ingurukoak, uste dut, haiek izango direla ondoen ulertuko nautenak».
Sarrerak
Aforoa mugatua izango denez, aldez aurretik izena eman beharko da. Horretarako idatzi WhatsApp-ez 609 818 017 telefono zenbakira edo hitzaro@gmail.com epostara.