Irizarrek eta FCC Ingurumenak lehen Irizar ie urban kamioiak ekoitziko dituzte
Europako hainbat hiritan probak egin ondoren erabaki dute bi enpresek lehenengo 10 kamioi elektrikoak seriean produzitzea.
Irizarrek eta FCC Ingurumenak hondakinak biltzeko lehen 10 Irizar ie urban truck kamioi elektrikoak ekoitziko dituzte. Europako hainbat hiritan egin dituzte probak, eta enpresek adierazi dutenez emaitzak “bikainak” izan direnez, lehenengo hamarrak seriean produzitzea erabaki dute.
“Ibilgailuetan zentzuzko e-mugikortasuna ezartzen laguntzeko behin betiko bultzada ematen du metropoli eremuetan”, azaldu du Irizarrek prentsa ohar baten bidez. Kamioia %100 elektrikoa da, zero igorpenekoa eta ibilgailu arrunt batek baino soinu, kutsadura eta CO2 gutxiagorekin zirkulatu dezake hiri eta inguruetan. Irizar Taldeak garatu du teknologia eta FCC ingurumenak udal zerbitzuen kudeaketa egin du.
Kabinarako sarbidea egungo merkatuan dauden kamioien artean dagoen baxuena da. Sustainable Urban Mobility kongresuan aurkeztu zuten 2019an Bilbon kamioia, eta lehen prototipoa hondakinak biltzera bideratu zuten bi enpresek.