Aralar Bizirik: "Aralarren egon daitezkeen gatazka guztiak ezin dira pisten kontuarekin nahastu"
Behi baten heriotzak eta ondorengo salaketak eragindako eztabaidaren harira, gaia argitu eta errudunak aurkitu behar direla uste du Aralar Bizirik elkarteak. Haien ustez abeltzainak "ezinbestekoak" dira goi larreak mantentzeko, baina "oreka" mantenduz eta "ingurumenean kale larriak" sortu gabe.
Aste honetan Jon Zubizarreta Abaltzisketako alkate eta ganaduzaleak egindako salaketari erantzunez, oharra argitaratu du Aralar Bizirik elkarteak. Gaia “argitzea eta errudunak aurkitzea” beharrezkoa dela diote, baina “Aralarren egon daitezkeen gatazka posible guztiak pisten kontuarekin” ez nahasteko eskatu diote. “Ez dugu mendian armekin ibiltzen den jendea atsegin, ezta makinak hondatu, txabolei su eman, haginak atera, sastrakei su eman, abeltzaintza edo ikerketarako azpiegiturak suntsitu edo besteen abereak hiltzen dituen inor ere”.
Behiaren heriotzari dagokionez, heriotza hori “eragindakoa dela baieztatu behar” dela azaldu dute. Izan ere, behia hilda aurkitu zenetik tiro bat zuela ohartu eta salaketa jarri arte, 20 eguneko tartea egon dela argitu dute. “Arraroa da hilda aurkitu zuten egunean ez konturatzea tirokatua izan zenik”.