Ataunen jokatuko da afizionatu mailako Euskadiko Txapelketa
Ataungo 56. San Martin Proba jokatuko dute igandean, Agauntza Kirol Elkarteak antolatuta. Iazko etenaren ondoren, aurten indarberrituta dator txirrindulari lasterketa.
Ataungo 56. San Martin Proba igande goizean jokatuko dute, Agauntza Kirol Elkarteak antolatuta, eliteko eta 23 urtez azpiko txirrindulari afizionatuentzat. Pandemiagatik iaz txanda-pasa egin behar izan bazen, aurten indarberrituta itzuliko da. Amateur mailako bi kategorietako Euskadiko Txapelketak ere Ataungo lasterketan ebatziko dira, seigarren aldiz.
Lau mendaterekin eta 127 kilometroko luzerarekin, karrera gogorra izango da. Eskola paretik 10:00etan irtengo dira txirrindulariak. Amezketaraino jaitsi, eta Larraitz igoko dute. Ataundik igaroko dira berriz, Kaxetatik gora Urkillaga mendatea igotzeko (11:51 aldera). Jarraian, berriz ere Larraizko bira berdina egingo dute.
Azken kilometroetan, San Martin Proban ohiko bihurtu denez, Lazkaomendi izango dute plater handiena. Larraiztik jaitsi orduko, Zaldibiatik igoko dute. Han ebatzi ohi da lasterketa, helmugarako 7 kilometroren faltan. Bukaera-marra ere Joxemiel Barandiaran eskola parean jarriko dute; 13:10 aldera amaituko da.
Covid protokoloaren arabera, herri eskolako jolastokian egokituko dute taldeen gunea, bulego iraunkorra, podiuma, eta antolakuntzaren zerbitzu gunea.
Seguran juniorrak bihar
Goierrin bihar ere txirrindularitza federatuko karrera bat jokatuko da: Segurako San Joan Saria, juniorrentzat. 16:00etan hasita, 83 kilometroko proba da.
Zerain Segura aldetik, Lierni Ormaiztegitik hiru aldiz, eta azkeneko biran Mutiloatik Ergoenera (meategiak) igoko dituzte. 18:04an bukatuko da Seguran.