Igerileku irekiera, neurriekin
Lazkaoko kiroldegiko kanpoko igerilekuak bihar zabalduko dituzte. Covid protokoloa eta mugak izango dira aurten ere, iaztik aldaketa batzuekin. Egunean bi txanda bereizi dituzte, 300 lagunentzat eta partzelak markatuta.
Beste udaldi bati bihar ekingo dio Lazkaoko aire libreko igerileku zerbitzuak. Covid-ak baldintzatuko du erabilera aurten ere, iazko neurriak oinarri hartuta eta aldaketa batzuekin. Bihar 11:00etan irekiko dituzte igerilekuak, eta irailaren 5ean bukatuko da denboraldia.
Sartzeko kiroldegiko sarrera nagusia erabili beharko da, eta irteera San Jose auzo aldetik jarriko dute. Egunean bi txanda egongo dira: goizekoa 11:00etatik 14:00etara, eta arratsaldekoa 14:30etik 20:30era. Tartean jendez hustuko dute instalazioa. Bazkideek aurrez erreserbatzeko aukera izango dute. Egunean bertan, lekurik geratzen bada, sarrera hartu ahalko da.
Txanda bakoitzean, denera 300 lagun egon ahalko dira igerilekuan eta zelaietan. Partzelak bereizita egongo dira. Aldagelak eta dutxak erabili ahalko dira, baina aforo oso txikiarekin, jenderik ez pilatzeko.