Nicolas Alustiza zumarragarrak irabazi du Segurako San Joan proba, Aizkorpen hirugarrena hilabetean
Juniorrentzako lasterketan ihes eginda, bakarrik iritsi da helmugara, duela hiru aste leku berberean egin zuen bezala.

Neurria ondo hartua die Nicolas Alustiza zumarragarrak (Bellota-Goierri) Aizkorpe bailarako errepideei. Seguran gaur arratsaldean jokatu den San Joan Saria proba irabazi du, 83 kilometroko etapa gogorra 2:08:53 orduan bukatuta. Ia minutu erdiko aldea atera dio Imanol Aceña (Iridoi) bigarrenari, eta 1:13 minutu Mikel Untzilla (Quesos Albeniz) hirugarrenari. Bederatzi indartsuenak 2 minutu pasatxoan sartu dira, eta lau minutura heldu da tropel mardulena.
Juniorren tropel oparoa elkartu da Segurako irteera marran, 25 taldetako 129 ziklistarekin. 85 sailkatu dira. Abiadura bizia eraman dute lasterketa osoan, eta bukaeran 38,6 km/h-ko batez bestekoa lortu du Alustizak.
Juniorretako ibiliari hanka onarekin ekin zion martxoan Alustizak, Egiako karrera irabazi eta Euskal Herria Txapelketako lidertza eskuratuta. Harrezkero, bere mailaren printza onak erakutsi ditu, batez ere Aizkorpen. Maiatzaren 2an Zegamako Elkartu Nahi Saria irabazi zuen, eta maiatzaren 15ean Seguran bertan eta gaurko etapa oso antzekoan bi besoak jaso zituen berriro.
Mendiko saria ere zumarragarrak lortu du. Zerain bi aldiz, Lierni hiru aldiz, eta Troiko meategietako mendatea Mutiloatik gora behin igo dituzte. Azkeneko biran estutu dute erritmoa, eta Alustizak lortu ditu mendiko puntuak Zerain, Ergoene eta Lierniko azken igoeran.
Taldeka, Ampo-Goierriko Txirrindularitza Bultzatuzek parekorik ez duela erakutsi du, beste behin. Goierritarrak izan dira onenak talde modura, bigarren Iridoi-Alimco eta hirugarren Atracciones Sanz.
Segura San Joan Saria junior 2021-6-5

Txirrindulariak Olaberritik Idiazabalera bidean, lehenengo kilometroetan. /Aimar Maiz

Seguran irteera neutralizatua eman ondoren./Aimar Maiz

Zegamatik joan-etorria egiterako hasi dira lehen mugimenduak tropelean./Aimar Maiz

Ampo taldeko Danel Casais, zulatua izan eta bizikleta aldatzen. Laugarren egin du oñatiarrak azkenean./