Ordizia saskibaloi taldeari ihes egin dio Federazio Kopak
Tecnun Askatuak talde donostiarraren kontra 76-82 galdu du etxean.
Titulu bat irabazteko opariarekin iritsi da Ordizia Basoa Banaketak seniorren saskibaloi taldea denboraldiaren bukaerara. Majorin zuten gaur aukera, Federazio Kopa altxatzeko. Baina Tecnun Askatuak talde donostiarrak 76-82 irabazi dio.
Ez dute joko onena egin ordiziarrek. Askatuak taldeak kontaktu handiko partida planteatu du, oso fisikoa. Epaileek onartuta, Ordiziak ez du joko molde horretara egokitzen asmatu. 8. minuturako bi teknika adierazita entrenatzailea kanporatu diote Ordiziari, gainera.
15 puntu behetik jarri da, baina lortu du berriro partidan sartzea. Hirugarren laurdenean 4 goitik ere jarri dira. Baina azken laurdenera indar hustuta iritsi dira, partida osoko lan fisikoaren ordaina. Eta Donostiako taldea gehiago izan da esparru horretan.
Kopa irabaztearen gustuaz gain, taldea utziko duten jokalari beterano batzuei eskaintzea zen Ordiziaren asmoa. Eneko Duranek, eta Ander Furundarenak agur esango diote taldeari, eta Jon Villarrek ere bai “seguru aski”. Haiei eskaini nahi zien taldeak kopa, baina ezin izan da.
Datorren denboraldia prestatzeari ekingo dio orain Ordizia Basoa Banaketak taldeak, harrobitik hasita.