Espainiako Gobernuaren ordezkariak Aizpita eta Errotatxo bisitatu ditu
Espainiako Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioaren diru laguntza jaso dute Zeraingo Udalak, Aizpitako labeak egonkortzeko, eta Mutiloako Udalak, Errotatxo eraikina zaharberritzeko.
Denis Itxaso Espainiako Gobernuaren ordezkaria Zerainen eta Mutiloan izan da gaur eguerdian, bertan martxan dauden eta diru laguntzak jaso dituzten bi proiektu ezagutzeko, Harkaitz Millan Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultur diputatuarekin batera. Zeraingo Aizpitako labeak eta Mutiloako Errotatxo etxe multzoa bisitatu dituzte. Batetik, labeak egonkortzeko lanak bisitatu dituzte, eta bestetik, Errotatxo eraikina zaharberritzeko lanak. Bi proiektu horietarako, Espainiako Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioaren diru laguntza jaso dute Zeraingo eta Mutiloako Udalek, ‘%1,5 kulturala’ programaren bidez.
Zeraingo udaletxean Amaia Junquera alkateak proiektuaren inguruko azalpenak eman ditu eta labeak ikustera abiatu dira ondoren. Bertatik Mutiloara joan dira, eta Errotatxoren proiektua azaldu du Iñaki Ugalde alkateak. Junquerak azaldu duenez, herri txikia izanik, “ezinezkoa” litzateke proiektua aurrera eramatea diru laguntzarik gabe. Bi udalerriek, Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza ere jaso dute.
2014an egin zuten Mutiloako proiektuko lehenengo fasea, paretak eta teilatua konponduta, eta bigarren fase honetan ‘passive house’ arkitektura ereduan oinarritutako lanetan dabiltza. Zeraingoari dagokionez, hainbat fase izan ditu azken hamarkadan, azpiegitura eta ingurua txukunduz, eta kiskaltze labeak eraberrituko dituzte urte bukaerarako.