«Gatazka bat hobe da bake epaitegian konpontzea»
Oso ezaguna da Patxi Otaegi (Legazpi, 1957) hainbat alorretan egiten duen lanagatik: Olentzero, Saharako errefuxiatuen aldeko Hare Haizea elkartea, Saniko Kuadrilla... Horrez gain, herriko bake epailea da.
Bake epaile, beste lau urtez.
Bai. Deialdira ez zen beste hautagairik aurkeztu, eta ni aurrera egiteko prest nengoenez, beste lau urterako berritu dut kargua.
Noiztik zara bake epailea?
2004ko Gabonetan sahararren kanpalekuetan nengoela jaso nuen Lourdes emaztearen abisua, onartu nindutela esanez. Bake epaile gisa lehen akta 2005eko otsailean sinatu nuen.
Nolatan bake epaile?
Saharako gaiarekin zerikusia du. Legazpira Saharako umeak lehen aldiz ekartzeko udaletxera diru eske joan nintzen batean, esan zidaten aurreko bake epaileak, Cesareo de la Presak, kargua utzi behar zuela eta ea ni prest nengoen.
Baiezkoa esan zenuen orduan?
Lehenengo Cesareorekin hitz egin nuen jakiteko zer baldintza behar ziren, eta gogo pixka bat besterik ez zela behar esan zidan. Herrikoa izatea, adinez nagusia eta oinarrizko ikasketak bakarrik eskatzen dituzte. Hala, etxean emaztearekin hitz egin, eta neure burua aurkeztu nuen.
Zeintzuk dira zure funtzioak?
Legazpiko bake epaitegian hiru langile eta ni gaude: Iñaki Crespo idazkaria, Marian Aztiria eta Unai Sanz. Bakoitzak bere lana du, eta nireen artean gehien ikusten dena ezkontza zibilena da. Baina epaitegira egunero jende asko joaten da, arazoren bat duelako edo dokumenturen bat behar duelako… Nire eginkizuna da epaitegiko langileek prestatzen dituzten dokumentuak sinatzea. Azken sinadura nirea da beti, liburuetan eta dokumentu guztietan. Txantxetan esaten dut herri mailan alkatea eta gero, ni naizela botere gehien duena.
Zer sinatzen duzu?
Batez ere jaiotza edo heriotza ziurtagiriak. Eta horiez gain, herri mailako gatazka txikien konponketarekin zerikusia dutenak.
Gatazka bat hobe da bake epaitegian konpontzea Bergarakoan baino, horrek koste bat duelako. Hemen ez dugu ezer kobratzen, dokumentu guztiak doan dira.
Nolako gatazkak izaten dira?
Bizilagun elkarte bateko kide batek kuota ordaintzen ez duela, goikoak loreak ureztatzean behekoari zerbait bustitzen diola… Tontakeriak dira askotan, baina jendea haserretu egiten da, eta arazoak konpondu egin behar dira.
Nola?
Etorri epategira, eta idazkariari azaldu zein den arazoa. Gehienetan berak konpontzen ditu, adiskidetze ekitaldi baten bidez, eta beste batzuetan nik ere parte hartzen dut.
Zure eginbeharretatik, zer gustatzen zaizu gehien?
Dudarik gabe, ezkontzak. Azkenaldian agiriak behar dituztelako ezkontzen dira batez ere bikoteak, baina bada oraindik ezkontza handiak egiten duenik ere. Iaz 19 ezkontza egin nituen bakarrik, pandemiagatik, eta ez ziren oso handiak izan, baina izan dira urte oparogoak alde horretatik, eta batzuk errondailarekin eta txistulariekin ere egin dira.
Non ezkondu daiteke zibilez?
Udaletxeko pleno aretoan eta Agirre-etxeberrin. Biak oso leku egokiak dira.
Nolakoak dira zure ezkontzak?
Nik gidoi bat jarraitzen dut, baina bikoteei aukera ematen diet zeremonian baten batek hitz egiteko, bertso bat botatzeko, abesteko, musika jotzeko… Nik, neure aldetik, nire ukitu pertsonala ematen dut, batez ere ezkontzen direnak ezagunak badira.
Gogoratzen al duzu ezkontza berezirik?
Ezkontza atean ikus-entzunezko bat prestatu zuen familiak, argazki zaharrekin, bikotearen irudiekin… oso hunkigarria izan zen. Bikotea prest badago gauza politak egiteko, ni ere bai.
Zer da lan honetatik gutxien gustatzen zaizuna?
Ni Legazpikoa naiz, jende asko ezagutzen dut, eta gatazka batzuetan gogorra egiten zait, horregatik saiatzen naiz parte ez hartzen.
Dagoeneko 16 urte egin dituzu, aldaketa asko ikusi dituzu?
Adibidez, ezkontzetan, sexu bereko pertsonak ezkontzen hasi ginen aspaldi, eta geroz eta gehiago dira paperengatik ezkontzen diren atzerritar bikoteak. Gainera, ezkontza asko astegunetan egiten dira orain.