Eskuekin moldatutako erakusketa
Buztingintza Beasaingo zeramika tailerrak erakusketa zabaldu du Igartza Jauregian. Ikasturtean zehar egindako hainbat lan daude ikusgai. Gustura aritu direla diote.
Urbieta Beasaingo arte plastikoetako zentroan ekoitzitako hamaika zeramika pieza Igartzako Jauregian daude ikusgai. Askotariko piezak dira: pitxerrak, bustoak, eraikuntzak… tamaina eta kolore anitzekoak. «Ikasturtean zehar programa bat dugu betetzeko. Programaren baitan egindako lanak dira ikusgai daudenak», azaldu du Elizabet Korta Buztingintza Beasaingo zeramika tailerreko bazkideak. Beste bi lagunekin batera Urbietan lanean jarraitzen dute, amaitu gabe dituzten beste lan batzuk aurrera ateratzeko.
«Gustura etortzen gara. Ia familia bat gara, giro berezia izaten dugu», esan du. Haurretatik 80 urtetik gorako erabiltzaileak arte elkartzen dira Urbietako lantegian. Gehienak emakumeak diren arren, gizonezkoak ere geroz eta gehiago direla diote. «Zeramika modan dago, eta geroz eta gehiago gara. Edukiera beteta dago, eta ez da pandemiagatik». Astean bi egunetan Ione Urianen eta Maite Salutregiren eskutik kaseak izatean dituzte; astean zehar nahi dutenetan joateko aukera dute, praktikatzeko. «Hemen beti egoten da norbait».
«Kateatu egiten du», ohartarazi du Kortak. «Batzuei ez zaie lokatzaren testura gustatzen. Besteok, ordea, ezin gara gelditu. Orduak igarotzen ditugu. Piezaren bat apurtzen bada sekulako amorrua ematen du».
Maskara, lagun
Eurentzat ere ikasturte zaila izan da, baina moldatu direla diote. «Musukoak mesede egin digu. Lokatza moldatzerakoan hautsa irteten da eta pintura artean orduak igarotzen ditugu. Orain barruak garbiago ditugu», ikusi dio alde ona egoerari Kortak.