Ikasturteari, ginga
Loinatz musika eskolak egitarau berezia antolatu du, ikasturte bukaerarako. Bihar programa bereziko ikasleen txanda izango da. Ekainaren 18an amaituko da zikloa, harizko orkestraren emanaldiarekin. Kalean kontzertu bat ere eskainiko dute, Erauskin plazan.
Loinatz musika eskolak kontzertuko zikloa antolatu du ikasturtea borobiltzeko. Bihar programa bereziko ikasleen txanda izango da, 19:30ean, Igartzako Jauregian, Garazi Zubeldia biolin-jotzailearen eta Marta Aroztegi piano-jotzailearen eskutik. Datorren astean lau kontzertu gehiago izango dira.
«Pandemiak askatasun-puntu bat eman duenez, ez dugu zalantzarik izan ikasturte amaierako kontzertuen ohiko zikloa berriro antolatzeko», diote Beasaingo musika eskolatik.
Halere, kontzertuak segurtasuna eta osasuna bermatzeko neurriekin egingo dira. Eskuak garbitu behar dira, musukoa une oro erabili erabili behar da, eserita entzun behar dira saioak eta edukierak espazio bakoitzaren araberakoak izango dira. Sarrera librea izango da, eserlekuak bete arte.
Kalean izango da emanaldietako bat, asteartekoa. Konbo, kantu eta trikitixa taldeak Erauskin plazan egingo du bere emanaldia, 19:30ean. Antolatzaileek garaiz joateko eskatu dute, azken unean pilaketarik sortu ez dadin. Andre Mari Zeruratuaren Elizan bi saio egingo dira.
Doinu ezberdinak
«Kontzertuak oso erakargarriak dira ikasleentzat. Eta, nolabait, gurasoengana eta, oro har, publikoarengana hurbiltzeko aukera ematen digu», nabarmendu dute musika eskolatik. Musika genero ezberdinak entzuteko aukera egongo da: Shostakovich, Huntza edo Adele.
Ikasleen kontzertuak
· BIHAR, OSTEGUNA. Programa bereziko ikasleak.Igartzako Jauregian, 19:30ean.
· ASTEARTEAN. Konbo-kantu-trikitixa talde-ak.Erauskin plazan, 19:30ean.
· ASTEAZKENEAN. Narama.Abesbatza eta koraltaldea. Andre Mari Zeruratua-ren Elizan, 19:00etan.
· OSTEGUNEAN. Instrumentuak eta kantua.Igartzako Jauregian, 19:30ean.
· OSTIRALEAN. Harizko orkestra.Andre Mari ZeruratuarenElizan, 19:30ean.