«Odola eman ahal den guztietan, behar duen hurrena zeu izan zaitezke»
Asteburuan Gipuzkoako Odol Emaileek emankorrenak omentzeko hainbat ekitaldi egin dituzte; Beasainen, tartean. Jorge Montero izan da omenduetako bat
«Odola eman ahal den guztietan, urtean behin bada ere», eskatu zuen Jorge Montero odol emaileak. Larunbatean Gipuzkoako Odol Emaileen elkarteak omendutako kideetako bat da beasaindarra. 75 donazio egin ditu. «Gehiago ere izango dira. Baina kopuruak eta omenaldiak gutxienekoa dira», kendu zion garrantzia. «Aitortzaren harira gizon batek kalean gelditu ninduen lehengoan eta eskerrak eman zizkidan. Duela gutxi ospitalean egon zela eta odol transfusio bat jaso zuela esan zidan, odol emaileei esker dagoela onik orain. Horrek gehiago betetzen nau». «Ez dakizu noiz behar izango duzun odol transfusioren bat. Hurrengoa zeu izan zaitezke», azpimarratu zuen.
Gazteei deia
Montero 18 urterekin hasi zen odola ematen. Orain gazte gutxiagok ematen dutela sumatzen du. «Ez dakit zergatik. Minutu batzuetako kontua da, minik gabe. Orain, hitzordua eskatu behar dela, itxaronaldiak ere ez daude», borobildu zuen.