Urtsuaranen sortu geroa ereiteko
‘Geroa ereiten’ lanagatik spotik onenaren saria jaso dute Iñigo Zapirainek eta Sara Mujikak Euspot lehiaketan. ‘Nekazaritzatik bizi nahi dugu!’ izan da aurten jorratu beharreko gaia.
Idiazabalgo familia batek irabazi du 2021 Euspot Euskarazko spot lehiaketako sari nagusia. Nekazaritzatik bizi nahi dugu! izenpean, helburua aurten spoten bidez gazteak eta batez ere emakumeak nekazaritzatik bizitzera animatzea izan da. Iñigo Zapirainek eta Sara Mujikak, Saoirse eta Sugaar etxeko txikiekin batera, Geroa ereiten lana ekoitzi dute lehiaketako 10. ediziorako, eta spotik onenaren saria jaso dute.
«Zoritxarrez baserri bizimodua gainbeheran dago eta garrantzitsua iruditu zitzaigun hori balioan jartzea», azaldu du Zapirainek. Sare sozialetan ikusi zuten deialdia: kontzientziazio kanpaina baterako 30 segunduko spota sortu behar zuten parte hartzaileek. Familian ideia garatu eta arratsalde batean grabatu zuten spota, Mujikaren betiko baserrian, Urtsuaranen: «Sararen ideia izan zen eta etxean bi artista dauzkagu, denera animatzen direnak; baserrira joan eta bizpahiru ordutan grabatu genuen». Edizio eta aukeraketa lanak Zapirainek egin zituen.
Nekazaritzak «ingurumenari eta jasangarritasunari ematen diona balioan jartzeko eta lehen sektorearen garrantziaz jabetzeko» baliagarri dira horrelako lehiaketak Zapirainen ustez: «Bermea izango da gazte belaunaldi berriak ere lehen sektorera atxikitzea». Familia baserrian bizi ez den arren, harreman estua du bizimoduarekin.
Ikus-entzunezko harrobia
Irrien Lagunen lehiaketan eta Idiazabal mailako lehiaketetan parte hartutakoak dira, eta lehen aldia dute Euspot lehiaketan. Zapirainek adierazi duenez, «berezia» izan da aurtengoa parte hartzaileen aldetik. 87 lan aurkeztu dira: «Ikus-entzunezko arloan pentsatzen genuena baino harrobi handiagoa dago, eta kalitate aldetik izugarrizko maila dago». Ezustekoan harrapatu ditu sariak, eta ez zuten hautatuak izatea ere espero: «Sari nagusia ematea izugarrizko sorpresa izan da guztiontzat». Ordainsaria 1.000 eurokoa izan da.
Lehen sektorearen inguruan hausnartu eta baserrian gazteen eta emakumeen parte hartzearen garrantzia islatu dute Geroa ereiten spotaren bidez, euskaraz. Zapirainek gazteak animatu ditu euskarazko sorkuntza lanean aritzeko: «Publizitate arloan euskara lantzea eta sarean euskarazko erreferenteak sortzea ezinbestekoa da».
Baliabide eta ekipo profesionalei dagokienez, nabarmendu du ez direla nahitaezkoak: «Gaur egun erresoluzio oneko gailuak daude, kalitate onekoak». Ideia bera da gakoa, eta eskuragarri dauden baliabideekin hori modu egokian garatzea.