Jairik gabeko ekaina
Oilar Jokoa, Hegialdeko eta Telleriarteko festak, eta San Joan bezperako alardea eta sua bertan behera utzi dituzte. Jairik gabe geratu diren auzoetan, kalejirak egingo dituzte txistulariek tere madinabeitia
Korpus Zortzigarrena da gaurko eguna, Legazpin Oilar Jokoa egin ohi den eguna. Baina bigarren urtez jarraian, legazpiarrak ikuskizun hori gabe geratuko dira COVID-19aren erruz. Asteburuan ospatzekoak ziren Hegialdeko jaiak eta San Joan bezperako armen alardea eta sua ere bertan behera geratu dira, eta Telleriarten ere ez da izango San Joan festarik. Jairik gabeko ekaina izango da, beraz, aurtengoa.
COVID-19aren ondorioz hartu diren neurriek zuzenean debekatu dituzte ekitaldi eta festa horiek egitea, edo baldintza egokietan prestatzea eta aurrera eramatea ezinezko egin dute. Hori dela eta, auzoetako jai batzordeek eta ekitaldi puntualen eragileek aurtengoan dena bertan behera uztea erabaki dute, herriko agendan hutsune nabarmena utziz.
Gaur egin beharko litzatekeen Oilar Jokoa, hilaren 11,12 eta 13ko Hegialdeko jaiak, hilaren 23ko Armen Alardea eta San Joan sua eta inguruko dantza eta musika emanaldiak, eta hilaren 23 eta 24ko Telleriarteko jaiak dira bertan behera geratu direnak.
Txistularien kalejirak
Hala ere, ekainean bada bestelako kultur ekitalditaz gozatzeko aukera, udalak eta herriko hainbat eragilek sustatuta. Pintura eta argazki erakusketak, dantza txapelketa eta ikuskizuna, bertso saioa eta Doinuaren musika kontzertuak izango dira.
Nabarmentzekoa da, bestalde, Goiz Deia txistulari bandak festarik gabe geratu diren auzoei luzatutako keinua. Igande honetan, hilak 13, kalejira egingo dute 09:00etan hasita Hegialdeko kale eta txokoetan zehar, eta hilaren 27an Telleriarte auzoa txistu doinuez alaitzen arituko dira.
Xabier Ortiz BBT proba
Kirolak ere izango du tartea ekaineko agendan, eta Hegialdeko festen ataria izaten den Xabier Ortiz mendi bizikleta martxa egingo da, hori bai, formatua aldatuta. Antolatzaileek ibilbidea markatutako dute, eta probarako egun zehatzik gabe, txirrindulariek hilabete edo gehiagoko epea izango dute hori egiteko.
Izena ematea ez da derrigorrezkoa izango, baina ematen dutenek aurtengo edizioaren kamiseta jasoko dute trukean. Datozen egunetan emango dute informazio gehiago antolatzaileek.