Kalean Josteko VII. Egunean 21 emakumek parte hartu dute
Ekain Kulturala dela eta, hainbat ekintza egingo dituzte ormaiztegiarrek hil honetan. Egitarauaren barruan, Kalean Josteko VII. Eguna ospatu dute 21 emakumek ekaineko 2. asteartean, arratsaldez, ohi bezala. Ormaiztegin duela 8 urte hasi ziren eguna ospatzen, eta iazko edizioa bertan behera geratu zen. Mundu osoko hainbat hiritan egiten den ekimena da, eta ekainaren 12an, larunbat honetan, kalean josteko nazioarteko eguna ospatuko da.
21 partaideak emaitzarekin «pozik» agertu direla azaldu du Ane Aranburu kultur teknikariak. Aurreko edizioetan parte hartu zutenei zabaldu diete aurten ere deialdia, etxean landu eta bakoitzak berea aurkezteko: «Etxean bakoitzak pieza bat sortzeko deialdia egin zitzaien, tamaina eta kolorea emanda». Bakoitzak erabaki du pieza osatzeko zein teknika eta material erabili, eta lanak bukatu ondoren, denak elkarlotu eta arbolarian zintzilikatu dituzte, esaldi bat osatuz: Kaleko jostunak 2021. Aranburuk azaldu duenez, «datorren urtean sorkuntza gehiago egiteko gogotsu» agertu dira parte hartzaileak. Aurtengoa berezia izan da, halere, kalean elkartu eta bertan sortu ohi baitituzte piezak, jai giroan. Koronabirusa dela eta, ordea, etxetik izan da eta ondoren elkartu dituzte denen lanak.













