Perkusix talde gazteak itxiko du Igartza Musika Programako lehen zatia
Perkusix taldea etxean arituko da bihar, Erauskin plazan kontzertua eskainiko baitute. 20:00etan hasiko da emanaldia.
Taldekideen erdiak beasaindarrak dira: Oier Gibelalde, Axier Olano eta Ander Zubeldia. Loinatz musika eskolako ikasleak dira. Karlos Alcala dute zuzendaria, beraien irakaslea delako. Tolosako musika eskolan ere ematen ditu klaseak, eta bi eskoletako ikasleak batzen ditu taldeak 2019tik. Tartean hainbat kontzertu eskaini dituzte, baina pandemia dela eta gelditu beharra izan zuten. Bueltan dira. Astelehenean Tolosan eskainiko dute beste kontzertu bat.
Kontzertuak eskaintzea beti da berezia musikarientzat. Are gehiago aspaldiko partez lehendabizikoa izanda. Gainera, Perkusix taldeak sekula ez du kalean jo, aretoetatik kanpo.
Programako azkena
Perkusix taldearena Igartza Musika Programako lehen seihileko azken emanaldia izango da. Urtea hasi zenetik zazpi kontzertu egin dituzte, unean uneko neurrietara egokituta.













