Antolar Jubilatuen elkartea sortu berri dute Zerainen, «transmisioa» helburu
Aurretik herriko jubilatuek elkarrekin hainbat ekintza egin izan dituzte, baina forma juridikoa eman berri diote taldeari. Esperientziak elkarbanatzeko gunea izango da elkartea
Elkarte bat sortu berri dute Zerainen: Antolar Zeraingo jubilatuen elkartea. Aurretik herriko hainbat jubilatuk elkartzeko ohitura bazuten arren, orain elkarte forma eman diote taldeari, estatutu, izen eta logotipoarekin. Joan den astean aurkeztu zuten elkartea jendartean. Kideen arteko saretzea sustatzea eta bizitakoak partekatzea da helburua.
«Gu jubilatu talde bat elkartzen ginen izurrite aurretik, kafe bat hartuz, eta bururatu zitzaigun elkarte bat egitea, beste herrietan dagoen bezala», azaldu du Joxe Telleria Antolar-eko kideak. Hitzaldiak, jardunaldiak edota tailerrak antolatu ohi dituzte jubilatuei zuzenduta, eta horretan jardungo dute aurrerantzean ere. Datozen asteetarako ez dute ekintzarik aurreikusi oraindik, elkartearen sorreraren harirako lanetan baitabiltza: «Lehenengo Gipuzkoako eta Euskal Herriko jubilatuen elkarteko presidentearekin egon, zer behar, aukera eta laguntza dauden ikusi eta orduan planteatu beharko ditugu».
Liztormendi elkartean elkartu ohi ziren kideak, eta oraingoz bertan jarraituko dute, «behin-behinean», bilerak, ospakizunak edo ekitaldiak egin ditzaketen beste lekuren bat topatu bitartean: «Lokal baten premia ikusten dugu eta horretan saiatu beharko gara». Oraingoz, elkartea sortu berritan, 50 lagundik gora dira. Kopuru ona «250 biztanleko herri baterako».
Bizipenak partekatu
Zeraingo hirugarren adineko pertsonentzako xede soziala eta kulturala izango du elkarteak. Aisirako ez ezik, harremanak sendotu eta saretzeko balioko du: «Garrantzitsua transmisioa da, gure esperientziak hurrengoari pasatzea; gauza asko galdu egiten dira eta horretan jardutea interesgarria iruditzen zaigu», agertu du Telleriak.