Igerilekuak asteartean zabalduko dituzte
Edukiera erdira murriztu dute eta aurretiaz erreserbatu beharko da. Ordutegia bi txandatan banatu dute: 11:30etik 16:15era eta 16:30etik 20:30etara.
Antzizar kiroldegiko estali gabeko igerilekuak asteartean zabalduko dituzte. Ez dira bete-betean izango, edukiera erdira murriztuta izango baitute. Gainera, txanda hartu beharko da aurretik. Abonatuek 24 orduko aurrerapenarekin hartu dezakete lekua; abonatuak ez direnak sarrerak erosi beharko dituzte. Helduen sarrerak zortzi euro balioko du eta haurrenak, lau.
Uretako edukierak ere zehaztu dituzte: igerileku handian gehienez 90 lagunek egon ahalko dute aldi berean; ertainean, 21ek. Denek bainatzeko aukera izan dezaten, 15 minutuko txandak egingo dira.
Eguna bi txandatan banatu dute: 11:30etik 16:15era eta 16:30etik 20:30etara. Asteburuetan 20:00etan amaituko da. Txanda bakoitzaren artean eremua hustuko da eta desinfektaketa lanak egingo dira.
Espazioa ere adin tarteen edo erabiltzaile moten arabera banatuta egongo da. Nerabeak,gazteak eta bakarkakoak bibliopiszina eta futbol zelai inguruan egon beharko dira; familiak, plisti-plasta eta igerileku ertainaren ondoan. Igerilekuetara kiroldegitik sartuko da eta irten, kiroldegi atzeko aparkalekuko atetik.
Instalakuntzako etzaulkiak ez dira erabilgarri egongo. Erabiltzaile bakoitzak bere etzaulkia ekarri eta etxera eraman beharko du, ezingo dira instalakuntzan gorde. Baloiak, koltxonetak eta bestelako jostailuak debekatuta daude.
Kiroldegiko arduradunek gogorarazi dute igerilekuko agintaria soroslea dela eta berak duela azken hitza. Euren jarraipenak betetzeko eta errespetuz jokatzeko eskatu dute.