Iparragirreren bizilagun kuttunak
Urretxuko artisau talde batek Iparragirre 12 elkartea sortu du eta artisautza denda ireki du Joxe Mari Iparragirreren jaiotetxearen ondoan. Olerkaria bere bizilagunez harro egongo litzateke.
Iaz Joxe Mari Iparragirreren jaiotzaren 200. urteurrena izan zen. Urretxuko Udalak makina bat ekitaldi antolatu zituen, baina batzuk atzeratu egin ziren pandemiarengatik. Gorka Hermosaren Urretxutik mundura obraren aurkezpena, adibidez, datorren asteko igandean izango da. Zer esango luke Iparragirrek Urretxuko herriak urteurrena nola ospatu duen ikusiko balu? Zer irudituko litzaioke egungo Urretxu? Herriko zein tabernatan joko luke gitarra? Nortzuk izango lirateke bere bizilagun kuttunak? Azken galderak erantzun erraza du: Iparragirre 12 artisau elkarteko emakumeak.
Izan ere, emakume hauek artista handiak dira (Iparragirre bera bezala) eta bere jaiotetxearen ondoko lokalean elkartzen dira. Iparragirre berpiztuko balitz, zenbat ordu emango ote lituzke bere etxe azpiko dendan gitarra jotzen eta artisauekin berriketan…
Udalaren egitasmoa
Urretxuko alde zaharrak gainbehera pairatu du azken urteetan eta udala herriko gune hau biziberritzeko lanean ari da. Besteak beste, lokal zaharrak berritu eta herriko elkarteei eskaintzea erabaki du. Iparragirre kaleko 12. zenbakikoa emakume artisauei utzi zien. Hauek iazko martxoan ireki zuten denda. Artisau taldea Puri Guerra, Edurne Pozueta, Eli Tapiolas, Ana Alvarez de Arkaia, Mireia Garcia, Evelyn Carrasco eta Elena Fernandez de Arangizek osatzen dute. Herriko gainontzeko artisauek ere taldeko kide izateko aukera dute.
Guerrak eztainu bozeltzea egiten du, Pozuetak bitxiak egiten ditu, Alvarez de Arkaiak altzariak berritzen ditu eta kakorratz-lanak egiten ditu, Carrascok objektuak bere marrazkiekin apaintzen ditu, Fernandez de Arangizek poltsak, diru-zorroak eta estutxeak egiten ditu eta Tapiolasek eta Garciak ikastaroak emateko asmoa dute, baina osasun egoera hobetzearen zain daude. Bitartean, eskulan ezberdinak egiten dituzte.
Gustura daude jasotako erantzunarekin. «Denda ireki eta berehala itxi egin behar izan genuen, pandemiagatik. Irailean ireki genuen berriro. Oso gustura gaude. Jendeari denda asko gustatzen zaio. Lehenengoz etortzen direnak harrituta gelditzen dira. Gabonetan asko saldu genuen».
Gainera, eskulan lehiaketa bat antolatu dute haurrentzat. Udazkenean beste bat antolatuko dute. «Udalaren babesa dugunez, herriak emandakoa herriari itzultzeko konpromisoa dugu. Aurrerago beste ekintza batzuk antolatuko ditugu, artisautzaren presentzia areagotzeko».
Artisauak, musikariak, dantzariak, aktoreak… Iparragirre gustura ibiliko litzateke XXI. mendeko Urretxun!