Junior mailako 'Idiazabal saria' txirrindulari proba jokatuko da bihar
Bi lasterketa izango dira larunbat arratsaldean: errepideko proba lehenengo, eta erlojupekoa ondoren
III. Idiazabal Saria txirrindulari proba jokatuko da bihar, larunbata, junior mailan. Bi lasterketa izango dira: errepideko proba lehenengo, 15:30ean, eta erlojupekoa ondoren, 17:45ean. Azken honetan errepideko probako lehenengo 40 sailkatuak ariko dira. Pilarrenea inguruan izango da irteera eta helmuga.
55 kilometro egingo dituzte aurreneko lasterketan txirrindulariek. Idiazabaldik aterata, Zerainera joango dira, bertatik Albitxura igo, Iurrera jaitsi eta Ormaiztegitik Liernira abiatuko dira. Mutiloara jaitsi eta Segurako biribilgunetik Albitxura igoko dira berriro, eta bertatik Idiazabalera. Lehenengo 40 sailkatuek 4 kilometro pasatxo egingo dituzte gero, erlojupekoan, Albitxura igo eta jaitsita.
Sari banaketa irekia
Aitor Zuriarrain txirrindulari elkarteko kideak azaldu duenez, «100 txirrindularitik gora» izango dira larunbatean lehian Idiazabalen. Sari banaketa helmuga eta irteera eremuan egingo dute, eremu irekian, eta errepideko probaren eta erlojupekoaren arteko batezbestekoa egingo dute sailkapen orokorrerako. Lehenengo hirurek osatuko dute hiru saritako podiuma.
Albitxun eta Liernin markatutako mendiko saria, sprint bereziko saria, taldekako saria, erlojupekoa eta errepideko saria ere izango dira.