Otaño: Zizurkildik pantaila handira, Beasaindik barrena
Patxi Biskert Ombuaren Itzala filmeko zuzendariak Andramendi ikastolako ikasleei proiektuaren nondik norakoak aurkeztu zizkien. Zinema munduaz solasean ibili ziren
Pello Mari Otaño bertsolariaren bizitza pantaila handira eramango du Patxi Biskert zine zuzendariak eta aktoreak, Ombuaren itzala filmean. “Zenbat aldiz kantatu ote ditugu bere koplak. Oraingo gazteek, ordea, erreferentzia hori galdu dute”, atsekabetu da Biskert. “Garaiko pertsonaia interesgarria da: euskara era berritzailean erabili zuen eta bertsoetan ere oso aurreratua izan zen. Eztarriko arazoak zituen eta bertsopaperak idazten zituen. Sekulako aldaketa izan zen. Ordura arte bertsoak ahoz aho pasatzen ziren, horrek duen galtzeko arriskuarekin. Baina Otañoren bertsoak jasota gelditu dira”.
Proeiktua hein batean eskoletara bideratuta dagoenez, Otañoren pertsonaia lantzeko, eskolaz eskola proiektuaren berri ematen dabil Biskert. Beasaingo Andramendi ikastolan izan zen atzo. Ikasleekin zineaz kontu kontari ibili zen.
Filma aurre-ekoizpen fasean dago. Besteak beste, dirua biltzen ari dira. Sarrerak aldez aurretik saltzen dabiltza horretarako. 2022ko udarako amaituko dute proeiktua, eta orain sarrerak erosi dituztenak izango dira ikusten lehenak. Era berean, zuzeneko ekarpenak ere egin daitezke korronte honetan: ES84 3035 0120 9212 0001 4781. Trukean, mezenazgo kulturalaren ziurtagiriak banatzen dituzte errenta aitorpenean hobari fiskalak jasotzeko. 750.000 euro bildu nahi dituzte denera. Besteak beste, Argentinan grabatuko dute, Otaño bi garaitan bertan bizi izan baitzen.