Artea euskarari emana
Balu artista ormaiztegiarrak Jon Maiaren olerki bat eta haren irudia marraztu ditu Zeraingo Harizti-erdi aterpetxearen horma batean. Irailetik aurrera, Euskal Girotze Barnetegia izango da
Ez da kasualitatea joan den larunbatean Balu artista ormaiztegiarrak Zeraingo Harizti-Erdi aterpetxeko horma batean Jon Maiaren olerki bat eta haren irudia marraztea. Iazko Euskararen Egunean asko zabaldu zen sare sozialetan bertsolari eta idazleak sortutako Euskara bat da poema. Maiak espainiar jatorriko gurasoak dituela jakina da, eta ikur bihurtu da haren moduko egoera bizi izan duten euskal herritar askorentzat. Eta ikusita irailean Zeraingo aterpetxea Euskal Girotze Barnetegia bihurtuko dela lehen Seguran zegoen euskara lantzera Goierrira etortzen diren gazteen barnetegia, testua eta pertsonaia horma baten irudikatzeko ideia ernatu zitzaien Zerainen. Lan hori egiteko Balu artistarekin jarri ziren harremanetan, eta larunbat arratsaldez geroztik Zeraingo paisaiaren parte izango den horma-irudia ikusgai dago aterpetxearen paretetako batean.
Beste lengoaia batekin
Baluk gustura hartu zuen Zeraingo Udalak mural hori irudikatzeko egin zion eskaintza. «Euskal tradizioa arte garaikidearekin nahastea gustatzen zait nire lanetan. Hori bai, beste lengoaia bat emanda». Geruzen teknika erabili zuen horma-irudia egiteko, lanari «beste bolumen eta dimentsio bat» emateko. Horretarako makina bat plantilla prestatu zituen larunbat goizaldeko 05:00ak arte aritu zen horretan, eta larunbat goizean ekin zion lanari. Astean zehar, berriz, Maiari berari argazkiak ateratzen ere aritu zen.
Eguerdirako olerkiaren hitzak eginak zituen, eta arratsaldean egin zuen Maiaren irudia. Lanik handiena bertsolari-idazlearen ileak eman zion, eta komeriaren bat edo beste ere izan zuten orga-jasotzailearekin hari laguntzen aritu ziren herritarrek, baina pazientziaren izenean konpondu ziren azkenean. Euskarak batu ditu hitzak eta irudia oraingo honetan, artea bihurtuz mezu zabaltzaile.