Iñaki Etxaniz EH Bilduko zinegotziak kargua utziko du
Sei urteko ibilbidearen ondoren, kargua uztea erabaki du. EH Bilduko kideek esker ona agertu diote egindako lanagatik.
Iñaki Etxaniz Arregi EH Bilduko zinegotziak kargua utziko du. Urretxuko udalbatzak datorren astean egingo duen osoko bilkuran gauzatuko da kargu uztea.
Legealdi honen hasieran, Etxanizek Urretxuko EH Bilduren taldearen alde, aurreko lau urteetan egindako lanari beste bi urteko ibilbidea gehitzea erabaki zuen. Kargua uzteko ordua heldu da eta EH Bilduko kideek eskerrak eman nahi dizkiote “sei urteko ibilbide honetan eskainitako laguntzagatik, jasotako aholkuengatik, erakutsitako adorearengatik eta elkarrekin konpartitutako egoera zail eta ezberdinetan egindako lan guztiagatik”. Bestalde, hemendik aurrera izango dituen eginkizunetan “orain arte bezain fin” aritzea opa diote.