Ostiralean irekiko dute Igarondo igerilekua, irailaren 5era arte
Segurtasun eta higiene neurriekin zabalduko dute, aurten ere, Idiazabalgo igerilekua. Abonuak liburutegian edo online egin daitezke.
Idiazabalgo Igarondo igerilekua ostiralean zabalduko dute, ekainak 18, eta irailaren 5era arte iraungo du aurtengo denboraldiak. Iaz bezala, higiene eta segurtasun neurriak bete beharko dituzte erabiltzaileek: sarrera eta irteera dutxa banatan egongo dira, bainuaren iraupena gehienez 20 minutukoa izango da eta aldageletan gehienez 3 lagun izango dira.
Igerilekuko aforoa 280 lagunekoa izango da, eta kopurua gainditzen denean neurriak hartuko dituzte: egutegi bat egongo da letren hurrenkerarekin, eta aforoa gaindituz gero, letra talde jakin batek edo gehiagok igerilekutik irten beharko dute. Iazko erabiltzaileei iazko letra eta talde berdinak egokituko zaizkie, eta hori aldatzea nahi duenak izena emateko garaian jakinarazi beharko du talde berria egokitzeko.
Liburutegian edo online
Abonuak egiteko, aurrez izena eman behar dute interesa dutenek, liburutegian 10:30etik 12:30era edo 16:30etik 19:30era, edo online erregistro elektronikoaren bidez. Txartelak, dagokien letrarekin, igerilekuan bertan jasoko dituzte erabiltzaileek.