Vianak federazioaren paleta txapelketako finala jokatuko du
Beloki Pilota Kirol Elkarteko Josu Vianak Gipuzkoako federazioaren paleta txapelketako finala jokatuko du asteburuan.
Beloki Pilota Kirol Elkarteko Josu Vianak Gipuzkoako federazioaren paleta txapelketako finala jokatuko du asteburu honetan. Finalerdia ostiralean jokatu zuen Errenteriako Aranbururen aurka eta 25 eta 24 irabazi zion. Viana galtzen joan zen, 16 eta 9 hain zuzen ere, baina partida iraultzea lortu zuen.
Viana «pozik» ageri da. «Asko sufrituta, baina helburua lortu nuen. Partida oso gogorra izan zen. Hasieratik bera aurretik jarri zen, markagailuan baino gehiago, jokoan. Tantoa luzatzea lortzen nuen, baina ia beti berak amaitzen zuen. 9 eta 16aren ondoren erasokorrago jokatzea erabaki nuen eta asmatu egin nuen».
Oraindik ez daki finala non eta noiz jokatuko den. «Zumarragan jokatzea eskatu dugu eta oraindik ez dute erabakia hartu».
Viana Iñigo anaiaren eskutik zaletu zen. «Anaia ni baino bost urte zaharragoa da. Bera pilotan jokatzen hasi zen eta bere pausuak jarraitzea erabaki nuen. Esku pilotan hasi nintzen eta duela bizpahiru urtetik paletarekin ere jokatzen dut. Antxon Biainek-eta, nik entrenamendua bukatu ondoren, paletan jokatzen dute. Laukotea osatzeko norbait behar zutenean jokatzea eskaintzen zidaten eta hala zaletu nintzen. Eskuz gehiago gozatzen dut eta esku pilotan jarraituko dut, baina paleta txapelketa batzuk ere jokatuko ditut».