Sendabelarren sekretuak agerian
Edurne Etxeberriak ukenduak eta gorputzerako beste produktu natural batzuk egiten ditu berak bildutako sendabelarrak erabiliz. Iratzarri elkarteak antolatua, ikastaroa emango du.
Elbarrena auzoko Mendiaspe baserrikoa da Edurne Etxeberria, eta etxearen atzealdeko lursail baten izena hartuta, Kirrima, abiatu zuen duela urte batzuk ukenduak eta gorputzerako beste hainbat produktu natural egiteko jarduera. Sendabelarrak, dira produktu horien osagai garrantzitsuenak.
Amonari, amari eta izebari ikusita ikasi du Edurnek ofizio hori, eta orain dakiena erakusteko prest dago, Iratzarri emakume elkarteak antolatuta, ikastaro bat eman behar du. Ikasle kopurua ikusita, gaiak interesa baduela ezin da ukatu.
Iratzarriren gonbidapena
Iratzarriren ikastarorako gonbitea Domingo Agirre ikastetxean emandako saio batzuren ondoren etorri da; Edurnek ikasleei ukenduak egiten erakutsi zien orduan, eta emakume elkarteko zuzendaritzaraino iritsi zen jardunaren arrakastaren berri.
Oraingoan ikasle helduagoak izango ditu, 30 emakume eta gizon, bi taldetan banatuta. Ikastaroa hiru saiotan egingo da: hilaren 16a, 17a, 23a eta 24a dira lehen bietarako egunak. Infor- mazioa banatuko die lehenik ikasleei, eta ukendu edo ‘erretrapu’ bat egiten erakutsiko die gero, zauriak, infekzioak, erredurak… sendatzeko erabiltzen dena. Gorputzerako krema hidratatzaile bat egitea izango da hurrengo zeregina.
Irteera bat ere egingo dute, produktu horiek egiteko behar diren sendabelarrak zeintzuk diren ikasteko eta biltzeko: intxusa, pasmo belarra, zaingorria, amuntza, berbena, kalendula…
Etxean ikusitakoa
Sendabelarren mundua txikitatik gustatzen zaio Edurneri, eta landareek eta fruituek sendatzeko gaitasunaren berri eta horiekin ukenduak eta beste produktu batzuk sortzeko jakintza etxean bertan jaso zuen, Zegamako amona Manuela Aranarengandik lehenik, eta ama Pilar eta izeba Mertxerengandik gero. Haiekin ikasitakoa zabaldu egin du ondoren, Fraisoron eta beste hainbat lekutan egindako ikastaroekin.
Kirrimak ukenduak markapean, produktu ugari egin eta saltzen ditu Edurnek, Miren ahizparen laguntzarekin: aurpegiko eta gorputzeko krema hidratantea, ezpainetakoa, minendako ukendua, erretrapua, espektoratzailea, eskuko eta oinetako pitzadurak sendatzeko krema, giharretako minentzakoa, makilajea kentzeko olioa, tonikoa, erromero alkohola, mantzanila olio hidratatzailea… Azken hilabeteetan ez du aukerarik izan, baina azokaz azoka saltzen ditu produktu horiek. Facebook orria ere badu (Kirrima ukenduak), eta telefonoz deituta ere eska daitezke: 676 163 288.