Senegalerako bidean da Goierri Eskolan egindako bizikleta egokitua
Kelle herriko Aziz gazte elbarrituarentzat da, eskolako joan-etorrietarako. Kellensena gobernuz kanpoko erakundearekin elkarlanean egin dute ibilgailua Goierriko 12 ikaslek
Senegalgo Kelle herriko Aziz gaztearentzat Goierri Eskolako ikasleek egindako bizikleta egokitua bidean da. Iristen zaionean, elbarritasun bat duen 17 urteko senegaldarrak gertuago izango du eskola eta egin nahi dituen goi mailako ikasketak.
Etxetik eskolara 10 kilometroko bidea du Azizek, eta joan-etorria egiteko orain arte erabili izan duen gurpildun trizikloa ez da egokia, txiki geratu zaio, eta zaharkituta dago. Ibilgailu berria egiteko eskaria Kellesensa Gobernuz Kanpoko Erakundeak egin zion Goierri Eskolari, eta horrek martxan jarri zuen elkartasun proiektua. Azizentzat bizikleta egokitua diseinatzea eta eraikitzea, eta horretarako beharrezko finantzazioa lortzea ziren erronkak. Biak nota onarekin gainditu dituzte ikasleek.
Goierriko ikasleen lana
Bizikleta egokituaren proiektuan 12 ikaslek parte hartu dute, Administrazioa eta Finantzak, Soldadura eta Galdaragintza, eta Fabrikazio Mekanikoko Diseinuko zikloetako ikasleak denak.
Ikasketa talde bakoitzak bere funtzioa izan du. Hala, Administrazioa eta Finantzak zikloko ikasleek proiektuaren bideragarritasun plana egin dute, bizikleta fabrikatu ahal izateko beharrezko materiala erosteko. Goierriko eta eskualdez kanpoko enpresekin eta erakundeekin harremanetan jarrita, 2.000 euroko finantzaketa lortu dute. Gainera, poltsak, musukoak, ilerako zintak… saldu dituzte. Dohaintzak ere jaso dituzte.
Fabrikazio Mekanikoko Diseinuko ikasleen lana bizikleta egokitua diseinatzea izan da. Horretarako Azizen ezaugarri fisikoak eta bizi den eremu geografikoa kontuan hartu behar izan dituzte. Izan ere, Azizek sortzetiko malformazio bat du hanketan, eta eskuak erabiliz mugitzen ditu bizikletako gurpilak. Horrez gain, Senegalen errepideak eta zorua hondarrezkoak dira.
Irakasleen babesarekin egin dute lan ikasleek, eta Kellesensa erakundeko kideak ere taldean izan dituzte, laguntzen. Bizikleta egiteko prozesuan, gainera, Aziz bera ezagutzeko aukera ere izan dute, bideo dei bidez.
Ibilgailua bidean jarrita, amaitutzat eman dute proiektua, eta Goierri eskolako ikasleek eta irakasleek eta Kellensena elkarteko kideek esker hitzak besterik ez dituzte jaso duten babesagatik.