"Beasainek gobernu aldaketa behar du"
EAJren legegintzaldiaren lehen erdia "txarra" izan dela salatu du Eva Alvarez bozeramaileak. Sozialistek beasaindarren bizi-kalitatea hobetzeko 20 ekarpen egin dituztela azpimarratu du
Beasaingo PSE-EEk EAJren legegintzaldiaren lehen erdiaren balorazio “txarra” egin du. “Beasainek norabide aldaketa bat ez ezik, politika aldaketa bat, eta gobernu aldaketa bat ere behar du”, eskatu du Eva Alvarez sozialisten bozeramaileak, ohar bidez. “Nahiz eta alkatea aldatu den, iraganeko dinamika berdinekin jarraitzen du Leire Artola alkateak. Besteak beste, aurreko alkatearen soldatari eustea. Euskadiko alkateen artean altuena izaten jarraitzen du”.
Alvarez EAJren jarrerarekin kexu agertu da. Oposizioaren lanari “oztopoak” jarri dizkiola salatu du, “Beasaini eragiten dioten erabakietan parte hartzeko duen gaitasuna murriztuz”. Beasaindarren bizi-kalitatea hobetzeko 20 proposamen egin dituztela azpimarratu du, baina EAJtak gehienak baztertu egin dituela, gehiengo absolutuaren ahalmena erabilita. “Horrek Beasain herri hobea izatea, gardentasun eta parte-hartze handiagoarekin, eragozten du”. Udal-kontroleko batzordeak gutxitu egin dituztela ere aipatu du.
Diru-laguntzak eta kontratu txikien esleipenak “gehiegikeriaz” erabiltzen dituela ere salatu du. Gainera, udalaren jarduera ekonomikoak kudeatzen dituen sailak, Udalaren Kontu-hartzailetza Nagusiak, halakoak ekidin behar direla dioela gogorarazi du.
“Halaber, EAJren udal gobernuak ez du langileen eta sindikatuen iritzia kontuan hartu lanpostuen zerrendari edo arrazionalizazio planari buruzko erabakiak hartzeko momentuan”, osatu du.
“Ona litzateke alderdi politiko guztiek indarrak batzea”
Alaverezek azaldu du PSE-EEk udal gobernuarekin bat egin dutela pandemiaren kudeaketaren hainbat alorretan “ikusten baikenuen ez bakarrik Beasaingo familiak, dendak eta ostalaritzak ere osasun, ekonomia eta gizarte krisiaren ondorioak pairatzen ari direla”. “Beasaingo PSE-EEk laguntza eman dio gobernuari herritar guztien ongizatearen alde lan egiteko. Honen ondorioz, adingabeak edo mendeko pertsonak zaintzeko eta lana eta familia bateragarri egiteko laguntzak babestu ditugu; Beasainen kontsumoa sustatzeko laguntzak ere defendatu genituen; merkataritza bonuak erabiltzeko denbora luzatzearekin ados agertu ginen, eta ostalaritzarako diru-laguntzak babestuko ditugu terrazak ixteagatiko gastua finantzatzeko…”. Kaltetuei laguntzeko neurri zuzenak eta segurtasuna bermatzeko tresnak eskatu dituztela ere gogorarazi du.