«Gure proposamena da ahoan ikustea beherago gertatzen dena»
Maialen Sebastian de la Cruz (Ordizia, 1995) ikerlariak Ikergazte kongresuan parte hartu du. Hiru minututan bere jarduna eta lortutako emaitzak aurkeztu behar izan ditu.
Esofagitis eosinofilikoa esofagoari erasaten dion gaixotasun kroniko bat da. Endoskopia bidez atzematen da. Maialen Sebastian de la Cruz eta beste zientzialari batzuek proposamen ez inbaditzaile bat aurkeztu dute.
Zer da proposatu duzuena?
Gure proposamena da ahoan ikustea beherago gertatzen dena. Badirudi, emaitza onak lortu ditugula.
Nola egiten da?
Listuaren bidez gaixotasunarekin lotura duten gene batzuk bilatzen ditugu. Esofagitis eosinofilikoak parte genetiko bat duela dirudi. Baina oso gutxi dago ikertuta. Gaixotasun berria da, duela gutxi hasi dira diagnostikatzen eta oraindik ezagutzen gabiltza.
Proposamena aplikagarria da?
Espero dugu baietz. Azkenean, gure ekarpena oinarria edo teoria da. Gero, optimizatu egin behar da emaitzak askoz ere azkarrago jasotzeko eta erabilerrazagoa izateko.
Beraz, zuen zeregina amaitu da? Orain farmazeutikoei dagokie emaitzak gorpuztea?
Orain arteko probak gaixotasun aktiboetan egin ditugu. Hau da, sintomak dituztenetan. Orain egin behar duguna da ikustea ea gure proposamenak balio ote duen sintomarik ez dutenentzat. Lagin gehiago biltzen ari gara ikertzen jarraitu ahal izateko. Badago zereginik.
Proposamenak %80ko asmatze-tasa du.
Idealena %100a izatea izango litzateke. Baina %80a nahiko ondo dago. Baina garrantzitsuagoa da sentikortasuna %90ekoa dela. Horrek esan nahi du, gaixo daudenen artean, hamarretik bederatzitan asmatzen dugula. Hau da, denen artean %80ko asmatze-tasa dugu baina gaixo daudenen artean are hobea. Eta hobe da gaixo ez dagoen bati gaixo dagoela esatea gaixo dagoen bati ezer ez duela esatea baino.
Lorpen hauek ikerketari esker lortuko zenituzten.
Proiektu honekin urte eta erdi edo badaramagu. Azkenean, halako ikerketetan lan gehien ematen duena laginak jasotzea da. Esan dudan moduan, gaixotasun hau ez da horren ohikoa, eta laginak lortzea ez da horren erraza. Ikerketa hau Donostiako bio-ospitalearekin eta Ciudad Realeko (Espainia) Tomellosoko ospitalearekin elkarlanean egin dugu eta beraiek lagundu diguten laginak topatzen. 70 bat lagin lortu ditugu guztira. Behin horiek bilduta, ez da hainbesterako lana izan.
Ikerlariek traba asko izaten dituzue?
Gure mundua ezegonkorra da. Doktoretza egiteko beka daukat, baina bukatzen dudanean ez dakit zer aukera izango dudan: klaseak eman, industria munduan lan egin, kanpora joan… ez dakit. Eta ikerlari gehien-gehienei hori gertatzen zaie. Oso pertsona gutxi daude ikerlariak bakarrik direnak. Normalean unibertsitateko irakasleak izaten dira eta gero egiten dute ikerkuntza. Ez dago ekarpen ekonomiko nahikorik.
Aurrerapausoak atzeratuko ditu horrek.
Bai, noski. Laborategian bi zuzendari ditut: bat soilik ikerlaria da, Ikerbasquen; eta bestea irakaslea ere bada. Nabari da bat %100ean ikerketara dagoela eta besteak ezin duela, klaseak prestatu behar dituelako.
Pandemiaren ondorioz ikerlarien baldintzak hobetu dira? Garrantzi gehiago ematen zaio?
Momentu baten izan nuen esperantza zientzialariak gehiago baloratuko gintuztela. Behintzat, jendeak erreparatuko ziola zientziari. Baina orain, berriro, ez nago horren baikor. Ez dakit. Agian ere zaila da: nik egiten dudana oso zehatza da eta azaltzen ez da erraza. Zaila baino gehiago, nekeza. Eta zientzialariok esan dezakegu ‘uf, nahiago dut dibulgazioan denbora inbertitu baino gure lanean zentratu’. Orduan, sentitzen dut zientzia eta zientzialariok gaudela bakartuta, gizartetik aparte. Eta ez dakit gure errua den, auto-isolatu egiten garelako, edo gizartearena, paso egiten duelako.
Zer garrantzi du dibulgazioak?
Bi aldeek egin beharko genuke esfortzua. Baina zaila da. Zientzialariok dibulgazioa egiten dugu laguntzeagatik edo zaletasunagatik. Baina ez dago baloratuta. Eta, aldi berean, hartzaileek, ez dakit interes nahikoa duten zientzia ulertzen saiatzeko.
Zientzialariek dibulgaziorako plaza nahikoa baduzue?
Ikergazte oso ondo dago. Aurten, egoera dela-eta, ez da egon aukera askorik beste esparruetako jendearekin harremanak egiteko, baina askotariko jendea ezagutzeko balio du. Aberatsa da, bakoitza bere isolamendutik ateratzeko balio duelako. Eta euskaraz izateak balio gehitu bat ematen dio.
Ez da lehen aldia Ikergazten parte hartu duzuna.
Duela bi urte beste gai batekin joan nintzen. Orduko hartan nire master amaierako lanen emaitza eraman nuen, zeliakiaren inguruan.
Dibulgaziorako plazak zientzialariak bilatu behar izaten ditu edo eurak etortzen dira zure bila?
Ikergaztekoei zure lanaren lagin bat bidali behar diezu eta beraiek aukeratzen dituzte zeintzuk diren egokienak.
Hiru minutu zenituen zure lana aurkezteko. Formatuarekin eroso sentitu zinen?
Badirudi hiru minututan ezer esateko denborarik ez dagoela. Baina zure burua ezagutarazteko eta orokorki zertan zabiltzan esateko oso ondo dago. Azken finean, publiko orokorrarentzat ari zara hizketan. Ez du merezi gehiegi sakontzeak, askok ez dutelako ongi ulertuko. Zati bat ulertzeko beste bat jakin behar da, eta beste hori ezagutzeko beste bat… kate bat da. Eta hori ez da minutu gutxitan azaltzen.
Ikergazteren oinarrietako bat euskara da. Nolakoak dira zuen laneko hizkuntza ohiturak?
Laborategian euskaraz egiten dugu, batez ere. Baina kontzeptu batzuk ingelesez esaten ditugu. Hiztegi teknikoa izaten da, eta ingelesez sortzen dira argitalpenak ingelesez egiten direlako. Eta ingelesez egin ditugu gureak.
Zientzia taldekako jarduna da?
Ikerkuntza bakarrik egitea posible da baina oso zaila da. Beti agertzen dira emaitza eta aurrerapen berriak. Eta horiek elkarbanatzea beharrezkoa da.
Emakumeen presentzia nola ikusten duzu?
Pixkanaka aldatzen ari dela sumatzen dut. Doktoregaiak, esaterako, emakumeak gara gehiago. Baina goiko postuetan ikusten dut arrakala handiagoa: amatasuna eta zaintza lanak direlako, emakume zientzialari askok geldialdi bat egin beharra izaten dute. Eta itzultzea zailagoa izaten da. Bekak eskatzerakoan, adibidez, azken urteetako lanak erakutsi behar dituzu.