Lazkaok areto futbola du berriz
Hamar urteren ondoren, kiroldegiko futbol modalitatea berreskuratu du gazte talde batek. Gaur Logistika Lazkao Kirol Kluba sortu, eta 3. Mailako Udaberri Txapelketa irabazi dute.
Herri bateko kirol osasuna, kirolari kopuruak ezezik, dauden kirol mota desberdinen ugaritasunak ere adierazten du. Lazkaon, herriko modalitate historiko izan den eta azken hamar urteetan hutsunea zeukan areto futbola berpiztu du lagun talde batek. 11 jokalari, entrenatzailea eta delegatua elkartu, eta Gaur Logistika Lazkao jaio da.
Kirol klub edo elkarte independentea sortu dute. Behe-behetik ekin behar izan diote areto futbol federatuari, Gipuzkoako 3. Mailan. Baina pandemiagatik liga erregularrik ez da jokatu aurten, eta martxotik duela bi aste arte Udaberri Txapelketa izan da lehiaketa bakarra.
Ezin hobeto hasi dute. Txapeldun geratu da Gaur Logistika Lazkao, Pasai Antxori finala 3-2 irabazi ostean, Intxaurrondon. Ligaxka ere lider bukatu zuten.
Zelai handitik aretora
Sarri ohikoa izaten den moduan, Lazkaoko taldekoak 11ko futbolean aritutakoak dira. Imanol Aran hartu dute entrenatzaile. 1992an hasi zen Eskola Kirolean neskak eta mutilak entrenatzen; gero, neska federatuekin aritu zen, eta 2007an entrenatzaile karneta atera zuen, mutilekin Gipuzkaoko 1. Mailan aritzeko. 2011n bukatu zen aro hura.
Laguntzaile eta delegatu Mikel Sainz du, etorkizunean entrenatzaile izateko prestatzeko asmoa ere baduena. Haiekin, 11 mutil: atezainak: Iker Aldasoro eta Ander Manzano; jokalari Josu Reboredo, Alexander Calvo, Mikel Pajares, Imanol Soto, Unai Garmendia, Oscar Carro, Liher Barandiaran, Julen Galparsoro, Ruben Imaz. 20 urte ditu gazteenak, 37 edadekoenak. 1992koak dira bost.
Unai Garmendia da kantxan kapitain, eta klubaren lehendakari ere bai. «Urtero aritzen ginen komentatzen areto futboleko taldea sortzea, garai bateko giroarekin gogoratuta. Azkenean, konfinamenduan erabaki genuen zirt edo zart egitea: jendeari hots egin, laguntzaileak bilatu, federazioari jakinarazi… denbora genuen dena gestionatzeko, eta aurrera egin genuen».
Neurria hartzeko urtea
Erdipurdiko urtea joan da lehiaketari dagokionez. Baina taldea gorpuzteko, areto futboleko teknikak barneratzeko eta martxa hartzeko ondo etorri zaie. «Areto futbola oso gogorra da, leherkorra eta askoz intentsoagoa, jokalarien artean ere bai. Zelai handikoa lasaiagoa da, eta han gaizki ikasitakoak ezabatzea kostatzen da. Jokoa ere erabat desberdina da: oso azkarra da, gorputzak ez du irauten eta sasoi ona behar da. Baina pentsatu baino askoz hobeto daude, eta talde ona da», aitortu du Aran entrenatzaileak.
Areto futbolaren balioak transmititzeaz gain «laguntasuna, solidarioak izatea, ezinean zabiltzanean aldatzeko erabakiak hartzea…», herriarentzat ekarpena izatea, kirol aukera bat gehiago jartzea, eta garai bateko kiroldegiko giroa berreskuratzea dituzte helburu. Denborak esango du kluba noraino hazten den.