Udaberriko azken azoka emankor
Piper ugari, gerezi tomatea, azenario berria, aran gorria eta india-mahatsa atzo lehenengoz. Eskaintza handitzen ari da nabarmen.
Uda ekainaren 21ean 05:32 minutuan hasiko da eta irailaren 22 arte iraungo du. Urteko egunik luzeenak oraintxe bizitzen ari gara. 21ekoa izango da iraupen luzeenekoa. «Egun luzea lan luzea» dio aspaldiko esaldiak. Hala ari dira baserritarrak belarrak egin eta egin eta eguneko argi orduei ahalik eta etekin handiena ateratzen.
Eta baratzeko lanek ez dute etenik. Produktu berriak aurkeztearen poza nabarmen izaten da. Atzo postu askotan antzematen zena. Lehen piper morroak Aramako Patxi Arizmendik «berdeak bildu ditut, fresko-freskoak azalik ere ez zaie antzematen horrelakoak direnean. Gorritzea luze jotzen du eta gainera pisua hartzen dutenez adarrak ere puskatu egiten zaizkie». 5 euroan kiloa salgai.
Beste bi piper mota ere ekarri zituzten Montesenekoek, herriari ohore eginez Ibarrako pipermina 12 euroan kiloa eta Italiarra euroan kiloa. Hiruak ere negutegikoak, «oraindik piperrak aldatzen ari gara baratzetan eta aire librekoak izateko pixka bat itxoin beharko da». Lehen azenario berria Baliarraingo Edurnek euroan sorta, «lehor dago eta handitzea kostatzen ari zaie». Bi fruta berri ere aurkeztu zituzten biak Aramakoak: lehen aran gorria Patxi Arizmendiren postuan 3 euroan kiloa. eta india-mahatsa Arantxa Zurutuzak.
Gerezi tomatea hasi da
Iñaki Intxaustik lehen gerezi tomatea ekarri zuen. Honen izenari erreparatuko diogu beste behin. «Txerritomatea» entzutea erabat nagusitu bada ere, jatorrira joz Cherry tomatetik dator. Hau da ingeleseko Cherry=Gerezia. Gure hitza ez aintzakotzat hartu eta txerrijanarekin parekatzea ohitu gara batere ohartu gabe. 5 euroan kiloa lehen gerezi tomatea Zeraingo Mendarteko negutegikoa. Haren lehen borraja, ziazerba eta kuiatxoekin batera aurkeztua.
Udazkenari begira
Oraindik udakoak landatzen ari bagara ere, aurrera begiratu beharra dago. Dagoenekoz salgai dira brokoli, bruselaza, neguko aza, romanesko eta lonbarda aza landareak,0,15-0,20 euroan bakoitza.