Xabier Ortiz de Luzuriaga gogoratuz, BTT martxa berezia egingo da aurten
Bihartik uztailaren 18ra arte egin daitekeen 38 kilometroko ibilbidea prestatu dute. Anoa postuen ordez, argazkiak ateratzeko guneak jarri dituzte. Kamisetak, bihartik.
Xabier Ortiz de Luzuriaga gogoratzeko mendi bizikleta martxa Hegialdeko jaiekin batera egiten da urtero Legazpin. Iaz pandemiaren ondorioz huts egin eta gero, hemen da berriz ere, baina osasun egoera oraindik erabat normaldu gabe dagoenez, formatua aldatuta dator.
BTT martxa honen 16. edizioa berezia izango da, eta beste urteetako jai giroa falta izango duen arren, ezinbesteko osagairik gabe ez da geldituko: inguruko mendietatik zehar ibilbide paregabea prestatuta dago dagoeneko, eta izena eman duten partaideentzako kamiseta ere bai. Gainera, berrikuntza batzuk ere baditu: photocall-a, eta argazkiak ateratzen dituztenen artean zozkatzeko opariak.
Hori guztia Xabier Ortiz de Luzuriagaren lagun taldeak antolatu dute, haren oroimena bizirik mantentzeko. Ortiz de Luzuriagak (Legazpi, 1984-2004), jubenil mailako Euskadiko Mountain Bike Txapelketa irabazi zuen 2002an, eta handik bi urtera hil zen kotxe istripuz.
Argazkiak eta bideoak
Urtero ibilbide desberdina izaten du mendi bizikleta trabesia honek, eta aurten ere hala izango du, baina txirrindulariek hori egiteko egun bakarra izan ordez, hilabete osoa izango dute, bihartik hasi eta uztailaren 18ra arte. Tarte horretan bidea markatuta egongo da, eta txirrindulari bakoitzak nahi duenean eta nahi duenarekin egin ahal izango du.
Ibilbide horretan zehar ez da anoa posturik izango beste edizioetan bezala, baina horren ordez antolatzaileek hiru argazki gune edo photocall sortu dituzte, bertan trabesiaren logoa jarrita. Horietan argazkia atera edo bideoa grabatu eta Facebook eta Instagram sare sozialen bitartez zabalduz, ibilbide horretaz gozatzeko aukera jende gehiagorengana helaraziko dute. Argazkiak eta bideoak partekatzen dituztenen artean, hainbat produktu eta opari zozkatuko ditzute.
Kamisetak eta ibilbidea
Xabier Ortiz de Luzuriaga trabesian parte hartzeko ez da derrigorrezkoa izena ematea, nahi duen orok parte har dezake. Baina urteroko kamiseta jasotzeko, aldiz, bai. Aurten ere Meloinvento Creaciones diseinu enpresak egindako kamixeta bat kaleratu du antolakuntzak, eta atzora arteko epearen barruan izena eman dutenek Maiatza tabernan jaso ahal izango dute berea ibilbidea bukatutakoan.
Ibilbide hori espreski sortu duten www.xabierortizbtt.eus webgunean ikus daiteke. Beti bezala, hasiera eta bukaera Hegialden izango ditu. 38 kilometroko luzera eta 1.400 metroko desnibela ditu. Inguruko pagadi eta pinudiak zeharkatzen ditu, eta Goierri osoko bistak eskaintzen ditu. Egun bakarrean egiteko egokia da, baina bi egunetan egin nahi duenarentzat hasiera eta bukaera Hegialden duten bi track ere prestatu dituzte.