Yoga saio irekia egingo du Yoke elkarteak Oiangun, astelehenean
Yogaren Nazioarteko Eguna ospatuko da astelehenean, ekainak 21, eta yoga herritarrei gerturatzeko baliatuko dute. Edonork parte har dezake, eta yogaren onurak probatu
Yogaren Nazioarteko Eguna izango da astelehena, hilak 21. Egun horretarako, Yoke Ordiziako Yoga Klasikoaren Elkarteak, yoga saioa antolatu du, Oiangun, 18:00etan. Goierriko herritar guztiei luzatu diete gonbita.
Duela zazpi urte, 2014ko abenduan, izendatu zuen ekainaren 21a, Yogaren Nazioarteko Eguna, Nazio Batuen Erakundeak, arrazoi sendo bat medio; milako urteko praktika honek osasunean dituen onurak, hain zuzen ere.
Honela, Yokeko kideek, yogaren onurak probatzera animatu nahi dituzte herritarrak. Ongi azaldu duten moduan, gizakiaren alderdi guztiak aztertu, ezagutu eta garatzeko metodologia eskura jartzen duen zientzia da. Alderdi fisikoa, energiarena, emozioena edo mentala landu daitezke, baita espirituala ere. Eguneroko bizi erritmo azkarregitik ateratzeko teknikak erakusten ditu. Arazoen aurrean ere erreminta da, distantzia hartu eta sosegutik, objektibotasun gehiagorekin aztertzeko baliabideak ematen baititu. Yogaren bitartez, aldaketen aurrean sor daitezken emozio ezkorrak errazago kontrola daitezke, adi egoten irakatsi eta orekara itzultzeko bidea errazten duelako.
Gorputz ariketaz harago
Yoga, gorputz ariketaz harago doa. Asanak, gorputzeko giharrak luzatzeko ariketak dira, baina askotan pentsatzen da yoga hori besterik ez dela. Yokeko kideek baina, yoga klasikoak gorputzaren eta buruaren arteko loturaz kontzientzia hartzen laguntzen duela diote; alderdi fisikoa, emozionala, mentala eta espirituala aldi berean garatzeko aukera emanez.
Eta hain zuzen ere, munduan zehar aurki daitezkeen yoga praktika ezberdinen artean, yoga klasikoa da Yokek, duela 32 urtetik, elkartearen sorreratik, praktikatzen duena, Harold Sequeira maisuaren gidaritzapean, Bonbay-ko Yoga Clasiko Institut-en eskutik. Urte hauetan guztietan ikasi dutena konpartitzeko gogotsu daudela nabarmendu dute, yoga, edozeinek praktika dezakeela, ez dagoela horretarako adinik, eta pertsona bakoitzak modu desberdinean bizi dezakeela.
Herritarrei gonbita
Yokek astelehenerako Oiangun antolatu duen saio irekian parte hartu nahi dutenek, ez dute izenik eman behar, 18:00etarako Oiangun agertu, eta parte har daiteke. Gainera, ez da beharrezkoa aurretik yoga praktikatu izana.
Bestalde, astelehenean parte hartzeko aukerarik ez, baina yogara gerturatu nahi duenak, Barrena kultur etxean galdetuta jarri ahalko da Yokeko kideekin harremanetan.