Zumalakarregi Museoko aldi baterako erakusketa osatu du Eli Ruperezek
'Urgulen magalean, Donostiako estanpak' erakusketaren harira, Ormaiztegiko eraldaketa urbanistikoa islatzen duen pieza digitala sortu du. Urriaren 31 arte egongo da ikusgai museoan
Eli Ruperez artistak Zumalakarregi Museoan dagoen Urgulen magalean, Donostiako estanpak aldi baterako erakusketa osatu du, sortu duen eta aurkeztu berri duen ilustrazio pieza digital batekin. Maiatzean zabaldu zuten, eta Ruperezen piezak «gaurkotasuna» emango dio aldi baterako erakusketari museoak azaldu duenez, Ormaiztegiren bilakaera urbanistikoa islatu du.
XIX. mendeko grabatuak dira erakusketaren muina, baina bi arlo uztartzen ditu; batetik, irudiak, eta bestetik hausnarketarako espazioa irudien hedapen azkarraren eta Donostiak izan duen garapen urbanistikoaren inguruan. Azken honi lotuta, gaur egunera ekarri du gaia Ruperezek, eta Ormaiztegiren ilustrazio digitala sortu du, non Ormaiztegiko zubia ikusten den, garai ezberdinetako ezaugarriak ikusten direlarik.
Arteria deialdia
Arteria fabrika elkartearekin elkarlanean egindako deialdi artistikoaren emaitza izan da Ruperezen lana. Martxoan zabaldu zuten, eta museoak ohar bidez adierazi duenaren arabera, «paisaiaren erakusketa gaurkotua» egitea zen eskatzen zena: «Aurkeztu zirenen artean hautatua izan zen artistak aurkeztutako proiektuak deialdiaren helburuak primeran betetzen ditu».
Ruperezek azaldu du hainbat elementu erabili dituela ilustrazioa sortzerakoan, eta piezari buruz esan du «testuinguru digitalean erreprodukzio tekniken bidez» islatu nahi izan duela Ormaiztegik urbanistitikoki izan duen bilakaera. Pieza berria, beraz, erakusketan txertatuko dute, eta urriaren 31 arte egongo da ikusgai museoan.
Estanpak webgunean
Erakusketaren harira, Zumalakarregi Museoak grabatuak aztertu eta webgunean jarriko du informazioa. Taylor baroiaren Saint Sebastien estanparen irakurketa online dago dagoeneko.