Irizar e-mobilityren 68 autobus elektriko erosiko ditu Zaragozako Udalak
"Autobus elektrikoen orain arteko proiekturik handiena" dela adierazi du Irizar e-mobilityk ohar baten bidez. Datorren urteko azken seihilekoan sartuko dira zerbitzuan.
Irizar e-mobilityk 68 autobus elektriko salduko dizkio Zaragozako Udalari. Udal horrek eta Avanzak autobus elektrikoen aldeko apustua egin dute flota berritzeko, Zaragozako Gobernuak erabaki duelako zerbitzua ematen hasiko diren autobus guztiak elektrikoak izango direla, eta Irizarren ie tram autobusak aukeratu dituzte horretarako. Datorren urteko azken seihilabetekotik aurrera sartuko dira pixkanaka zerbitzuan eta Avanzak operatuko ditu.
“Irizar e-mobilityrentzat autobus elektrikoen orain arteko proiekturik handiena da”, adierazi du enpresak hedabideetara helarazitako ohar baten bidez. Zaragozako Udalak ostiralean aurkeztu zuen autobus elektriko modelo berria. Ibilgailu hori datozen hiru asteetan probatan ibiliko da hirian.
Irizar ie tram autobusa %100 elektrikoa da eta zero igorpenekoa, tranbiaren ezaugarri estetikoekin. Egun Zaragozako hiriak zero igorpeneko 4 autobus ditu, 111 hibrido eta gainontzekoak diesel.