Nora Tobar, gora eta gora
Txindoki Atletismo Taldeko ataundarrak Espainiako Txapelketa irabazi du 23 urtez azpikoen mailan, bere markarik onena lortuta.
Sekulako denboraldia egiten ari da Nora Tobar ataundarra. Txindoki Atletismo Taldeko jauzilariak, asteburuan Nerjan jokatu den Espainiako Txapelketa irabazi du, 23 urtez azpikoen mailan. Altuera jauzian, 1,84ko marka egin du, ordura artekoak hobetuz.
Aurten lau aldiz lortu du bere marka pertsonala hobetzea. 1,78, 1,80, 1,82 eta 1,84ko markak lortu eta gero. Asteburuan lortutako emaitzarekin, Euskadiko errekorra lortzetik zentimetro bakarrera gelditu da, eta 2021eko Estatu mailako bigarren markarik onena da.
Hori dena gutxi balitz, Tallinnen jokatuko den European Athletics U20 & U23 Championship txapelketarako sailkatzea ere lortu du Tobarrek.