Sareren 'Ibilian ibilian etxerako bidean' dinamika Goierrira heldu da
Film emanaldiak, erakusketak eta mobilizazioak antolatu dituzte. Erronkak baita ere: etxerako bidea irudikatzen duten argazkiak jasoko dituzte
Goierriko Sarek Ibilian ibilian etxerako bidean dinamika aurkeztu du gaur. Izan bidea dinamikari “bultzada bat” emateko dinamika dela zehaztu dute antolatzaileek. “Bidea egiten jarraitzeko Goierritarrak eta Euskal Herritarrak ibilian jarri nahi ditugu, ibilian ibilian etxerako bidean lelopean antolatu ditugun ekimen, mobilizazio eta erronken bitartez”.
Etzi hasiko dira. Sagarraren denbora filma eskainiko dute Beasainen, plazapean, 22:00etan, plazapean; etzidamu, berriz, Ataunen eskainiko dute. San Martingo aretoaren kanpoaldean izango da emankizuna, 22:00etan. Beasainen Izadi gurasoekin etxera filma eskainiko dute. Itsasondon 20:00etan elkartuko dira mosaikoa egiteko. Amaitutakoan Ibilian ibilian etxerako bidean antzerkia hasiko da. 21:00etan elkartasunezko afaria egingo dute. eta 22:00etan Sagarraren denbora filma eskainiko dute. Ekitaldi guztiak plazan izango dira. Seguran Xabi Makazagaren eskulanen erakusketa zabalduko dute. Gainera, hilabeteko azken ostirala denez, eskualdeko herri nagusienetan hilabeteroko elkarretaratzeak egingo dituzte; uztailaren 2an, hilabeteko lehen ostiralean, Beasainen mobilizatuko dira. 19:30ean abiatuko dira plazapetik. Asteburuan Sareren materiala salduko dute eskualdean zehar.
Erronka ere bota dute. “«Irudika dezagun etxerako bidea. Nola irudikatzen dugu? Zein kolore jartzen diogu?». Argazkiak jasoko dituzte saregoierri@gmail.com helbidean abuztuaren 31ra arte, elkarbanatzeko. «Ibilian ibilian elkarbizitzaren eta bakearen alde, konponbidearen eta preso eta iheslarien etxeratzearen alde bidea izan nahi duten guztiei» parte hartzeko deia egin diete.
«Hasitako bidea muturreraino eramateko, hau da, salbuespenezko espetxe politikarekin amaitu eta bizikidetzan aurrera egiteko, herritarren bultzada ezinbestekoa dela uste dugu», azpimarratu du Iñaki Lopez kolektiboko kideak. «Honaino iritsi bagara, horri esker izan da». Azken hilabeteetan espetxe politikan aurrerapauso «txiki batzuk» eman direla aipatu dute. Hasitako bidea sendotu nahi dute orain. Horretarako une «garrantzitsua» dela gaineratu du.
Urratsak emateko prest
Sarekoen ustez Goierritarren nahia argia da. “Maiatzaren 8an goierritarrok eskualdeko 26 tontorretara eraman genuen euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzearen aldarria. Ehunka goierritarrek argi azaldu genuen urratsak emateko prest gaudela, maldan gora edo behera, baina guztiok batera, egoera honekin behin betiko amaitzeko”.