Unai Mendia lehen mailara igo da
Beasaindarra Rayo Vallecanoko bigarren entrenatzailea da. 2021/2022 denboraldian onenen artean lehiatuko da
Unai Mendia beasaindarrak Rayo Vallecano lehen mailara igo du. Bart lortu zuten igoera, Gironari 0 eta 2 irabazi ostean. 2021/2022 denboraldian onenen artean lehiatuko da, hortaz.
Mendia Rayoko bigarren entrenatzailea da, Andoni Iraolaren laguntzailea. Lehen urtea du bertan. Denboraldi zaila izan da: soldatak ez zizkieten behar bezala ordaintzen, covid kasuak izan ziren taldean eta partidak atzeratu behar izan zituzten, emaitzak ez ziren nahi bezain onak… Iraolaren lan-talde guztiak liga erregularra amaitzeko hilabeteren faltan postua kolokan izan zuen, baina egoera iraultzea lortu zuten. Denboraldi amaiera ona egin dute, atzetik aurrerakoa: azken jardunaldian lortu zuten igoera-kanporaketetan sartzea eta Gironaren aurkako kanporaketan ere atzetik joan ziren.
Iaz Mirandesen aritu zen, Iraolaren alboan ere. Orduan ere denboraldi ona egin zuten: kopako lau talde onenen artean sartu ziren, bidean lehen mailako hiru talde kanporatuta, eta jaitsiera postuak alde handiz ekidin zituzten.
Jokalari izan zen urte luzez. Lesio baten erruz utzi egin behar izan zuen arte. Halere, futbol munduan jarraitu nahi zuen eta entrenatzaile lanetan hasi zen, Beasaingo gazte mailetan. Ibilian ibilian, goraino iritsi da.