Urrezko domina lortu du Oihartek Gipuzkoako Foru Aldundiaren XX. sagardo txapelketan
Gipuzkoako 23 sagardogile lehiatu dira aurten. Txapeldun nagusia urrezko kalifikazioan Altzueta sagardoetxea izan da.
Zeraingo Oiharte sagardotegiak urrezko domina lortu du XX. Gipuzkoako Foru Aldundiaren sagardo txapelketan. Gipuzkoako 23 sagardogile lehiatu dira aurtengo edizioan, eta lortutako puntuazioaren arabera hiru kategoriatan banatu dira sagardoak: urrezkoa, zilarrezkoa eta brontzezkoa. Kategoria horietan sartzeko 60 puntutik gora lortu behar izan dituzte sagardogileek, eta 17 izan dira fase horretara pasa direnak.
Urrezko kalifikazioa lortu dutenen artean Altzueta izan da puntu gehien lortu duena eta, beraz, txapeldun nagusia. Oihartez gain, Aburuza, Akerregi, Begiristain, Etxeberria, Gaztañaga, Gurutzeta, Itxas-Buru, Isastegi, Zapiain eta Zelaia sagardoek lortu dute urrezko domina. Zilarrezkoa Alorreneak eta Izetak eskuratu dute, eta brontzezkoa, berriz, Lizeaga, Urdaira eta Zabalak.