Zegama Aizkorri uztailaren 1etik irailaren 30era izango da
Egunean 50 dortsal izango dira eta parte hartzaileek Open Trail Races aplikazioaren bidez osatuko dute ibilbidean bertan lasterketa sailkapen orokorrean sartzeko. Izena emateko epea irekita dago.
Zegama Aizkorri mendi lasterketa bueltan da, edizio ezberdin batekin aurten. Uztailaren 1tik irailaren 30era egingo da proba eta egunean 50 dortsal egongo dira eskuragarri. Parte hartzaileek Open Trail Races aplikazioa erabili beharko dute proba osatu eta sailkapen orokorrean sartzeko. Dagoeneko zabalik dago izena emateko epea, RocktheSport webgunean, eta dortsalak Zegamako Kultur Etxean jasoko dira.
Ekainaren 6ko asteburuan zen egitekoa, baina bertan behera geratu zen osasun neurriak zirela eta. Bigarren urtea da ezin dela lasterketa ohiko moduan ospatu; iaz modu birtualean egin zen, 12.000 parte hartzaile baino gehiagorekin, eta aurten zuzenean egin ahal izango da, baina egunean 50 dortsaleko mugarekin. Tarte horretan, uztailaren 1etik irailaren 30era arte, nahi dutenek ekinaldi bakarrean osorik edo etapaka egiteko aukera izango dute 42 kilometroko lasterketa. Lau zatitan banatuko dute etapaka egin nahi dutenentzat: Zegama-Otzaurte (0. km-7. km), Otzaurte-St Spiritu (7. km- 20. km), St Spiritu-Moano (20. km-34. km) eta Moano-Zegama (34.km-42. km).
Irabazleek Salomonen ekipazioa jasoko dute rankingean duten posizioaren arabera, eta 42 kilometroak betetzen dituztenek finisher diploma jasoko dute. Salomon zapatila batzuk ere zozketatuko dituzte dortsala Instagramean partekatzen dutenen artean.