Hego Euskal Herriko 48 pilotari hasi dira Ataunen harrobikoen lehiaketan
Etorkizuneko Txapeldunak lehiaketaren lehenengo edizioa atzo hasi zen. Kadeteen eta jubenilen 2. urtekoen mailak bereizi dituzte. Auzoetan jokatuko dute, uztailaren 31 arte
Gazte eta gaztetxo mailetako pilotarien txapelketa oparoa bezain luzea antolatu dute Ataunen, Etorkizuneko Txapeldunak izenekoa, lehenengo aldiz. Ataun Kirol Elkarteko pilota sailak hartu du harrobiko pilotarientzat hilabete eta erdiko iraupena izango duen lehiaketaren ekimena, Baiko enpresak antolatuta. Atzo hasi zen.
Auzoeta kiroldegian jokatuko dituzte partida guztiak, 78 denera. Kadeteak eta jubenilen 2. urteko puntakoenak gonbidatu dituzte, eta 48 pilotari ariko dira guztira, bi kategoriatan bereizita. Maila bakoitzean ere bi talde banatu dituzte, eta horietako banatan aurrelariak alde batetik, eta atzelariak bestetik. Hala, partida oro bikoteak aldatuko dituzte. Ez dute inoiz lagun berarekin jokatuko, denek denen kontra baizik. Pilotari bakoitzak sei partida jokatuko ditu.
Sailkatze fasea atzo hasi eta uztailaren 25era arte luzatuko da. 19 egunetan izango dira partidak Auzoetan: astearteetan eta ostegunetan 18:00etan, eta larunbatetan eta igandeetan 10:00etan. Jardunaldiak bi, hiru, lau edo bost partidakoak izan daitezke.
Urtero egiteko asmoa
Pilotaren harrobia sendotzeko eta aukera bat jartzeko asmoz antolatu dute Etorkizuneko Txapeldunak lehiaketa. «Kadeteak eta maila oneko juniorrak hartu ditugu, gonbidapen bidez; kontrastatuak eta mimo handiarekin aukeratuak. Arabako, Bizkaiko, Nafarroako eta Gipuzkoako klubetatik aukeratu ditugu», azaldu du Iñigo Altzuak. 20 bat klub egongo dira ordezkatuta. Goierritarrak ere badira tartean.
Esku huska eta binaka izango da txapelketa. Ostegun iluntzean aurkeztu zuten, Ataungo bi pilotari profesionalak Jon Ander Albisu eta Iraitz Zubizarreta eta Jon Ander Peña aitabitxi zirela. «Harrera polita izan du, eta pilotariak gustura agertu dira. Txapelketa urtero antolatzeko asmoa dugu».
Finalaurrekoak uztailaren 27an eta finalak 31n jokatuko dituzte, orduan ere aurreneko pilotariekin bikoteak nahastuta.
PILOTARIAK:
KADETEAK. A TALDEA
Aurrelariak. Etxaniz, Kareaga, Labaka, Otaegi, Sanchez, Zabaleta.
Atzelariak. Bullon, Busket, Egiguren, Goiburu, Landa, Salcedo.KADETEAK. B TALDEA
Aurrelariak. Apezetxea, Etxeberria, Gorostidi, Ibarluzea, Maiza, Odriozola.
Atzelariak. Agesta, Anduaga, Antimasberes, Ezama, Garaño, Lakuntza.PROMESAK. A TALDEA
Aurrelariak. Enbeita, LizeagaII.a, J.Murillo, Olaizola, Rekalde, Zubizarreta.
Atzelariak. Emaldi, Eskuza, A.Murillo, Sudupe, Telleria, Ugartemendia.PROMESAK. B TALDEA
Aurrelariak. Arrillaga, A.Egiguren, I.Egiguren, Erkiaga, Ituarte, Perurena.
Atzelariak. Arbaiza, Azpiroz, Bernaola, Elosegi, Lazkoz, Lizeaga I.a.LEHIAKETA-FASEAK
Sailkatze ligaxka. Ekainaren 22tik uztailaren 25era. 19 egunetan 72 patida.
Finalaurrekoak. Uztailak 27,18:00etan. Lau partida.
Finalak. Uztailak 31, 16:30ean. Bi partida.