Uztailaren 2an meza eta ezpata dantza bakarrik egingo dira
Aurten ere ez dute Santa Isabel jairik izango Zumarragan. Ezpata dantza egingo dute, hala ere.
Aurten ere ez da Santa Isabel jairik egongo, baina ezpata dantza egingo dute Antioko baselizan eta Euskadi plazan. Ekitaldia Urola Telebistan eta zelaiarizti.eus webgunean emango dute, zuzenean.
Antioko ekitaldiaz gozatzeko, gonbidapena behar da. 50 gonbidapen bikoitz banatuko dituzte. Zelai Arizti kultur etxean eskatu behar dira, 09:00etatik 14:00etara. 943 72 35 10 eta 943 72 91 54 zenbakira deituta edo kulturetxe@zumarraga.eus helbidera idatzita ere eska daitezke. Izen-abizenak, NAN zenbakia, telefono zenbakia eta posta elektronikoaren helbidea eman behar dira. Ostirala da gonbidapenak eskatzeko azken eguna (13:00ak arte).
Zumarragarrak bakarrik
Zumarragan erroldatuta daudenek bakarrik eska ditzakete gonbidapenak. 50 eskaera baino gehiago jasotzen badira, zozketa egingo dute.
Uztailaren 2an autobus zerbitzua egongo da eta ekitaldira gonbidapena tokatu zaion pertsonak joan beharko du derrigor. Ermitan, bakoitza dagokion tokian eseri beharko da.
Ondoren, 12:45ean, dantzariek plazan dantza egingo dute. Iaz bezala, aulkiak jarriko dira.