Gipuzkoako txapelketa jokatuko da bihar Seguran, elite eta 23 azpikoan
Segurako Txirrindulari Elkarteak antolatuta, LXIII. San Joan sari nagusia izango da. 185 txirrindularik eman dute izena parte hartzeko, 30 bat taldetan banatuta. 16:00etan hasiko da
Bihar Gipuzkoako txirrindularitza txapelketa jokatuko da elite eta 23 urtez azpikoen mailetan, Seguran, Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioaren Euskaldun txapelketaren barruan. Segurako Txirrindulari Elkarteak antolatutako LXIII. San Joan saria izango da eta 16:00etan hasiko da. 30 taldek baino gehiagok eta 185 bat txirrindularik eman dute izena. Kategoria bakoitzeko lehenengo gipuzkoarrak Gipuzkoako txapela lortuko du.
Segurako arrabal ingurutik abiatuko dira txirrindulariak, 16:00etan. Zegaman itzulia eman eta Segurako kaskora sartuko dira. Idiazabalgo bidegurutzetik Olaberriara joango dira, eta Ormaiztegitik gora Liernira. Mutiloara jaitsiko dira ondoren eta bertatik Segurara. Beste bost aldiz osatuko dute ibilbide hori, eta azkenik, Zeraindik pasatu eta Mutiloara jaitsita, Seguran amaituko da karrera, irteera leku berean, 19:00ak aldera. 131,4 kilometro egingo dituzte.
Lierniko gaina 6 aldiz igoko dute guztira, eta mendiko irabazlearentzat saria ere egongo da. Batetik, mendiko sariak, taldekakoa, 23 azpiko saria eta sari nagusia izango ditu probak, sailkapen orokorrari dagokionez. Eta bestetik, Gipuzkoako txapelketari dagokion saria: lehenengo gipuzkoarrek, elite eta 23 urtez azpikoan, Gipuzkoako txapela eskuratuko dute, bakoitzak bere kategorian. Txapel, maillot eta trofeo bana emango zaie.
Urbasa, Punta Galea, Berango, Galibier, Jira-Bira track cycling, Zuia, Abodi, Adi Club, Zalla, Eibar, Eduardo Chozas, Couronnais, Angouleme… 30 talde baino gehiago izango dira Seguran ekipoko txirrindulariei laguntzen. Goierri Kirol Elkartetik Enaitz Laiglesia Goena lehiatuko da, taldeko bakarra.
Zegaman, abuztuan
Euskaldun txapelketarako baliagarria izango den Goierriko azken proba izango da bihar jokatuko dena. Zegaman, berriz, Lehendakari Torneoko proba jokatuko da abuztuaren 22an, eta txapelketa beraren barruan, irailaren 19an, Zaldibian.