Bezeroek CAFen errepikatu egiten dute
CAFen bezeroak diren De Linj eta Transport of New South Wales operadoreek eskari bana egin diete. 100 milioiko akordioak dira.
CAFek bi eskari gehiago jaso ditu. Bezero zaharrak dira, aurretiaz beraiekin lan egindakoak direlako. Zehazki, De Linj operadore Flandriarra eta Transport of New South Wales operadore australiarra dira. Bien artean 22 tranbia unitate eskatu dituzte. 100 bat milioi euro, denera.
De Linjekin 2017an egin zuten tratua. 146 tranbia ekoiztea adostu zuten, denera. Baina txandaka ari dira ekoizten. Oraingoa bosgarren eskaria da. Hemezortzi tranbia ekoitziko dituzte. Anberes hirian ibiliko dira aurrera eta atzera. Beneluxeko hiririk garrantzitsuenetan CAFek ekoitzitako tranbiak dabiltza: Amsterdamen, Luxenburgon, Liejan… Mundu mailan ere hiri garrantzitsuetan dabiltza CAFen sinadura daramaten unitateak: Bostonen, Edimburgon, Stockholmon…
Sydneyn ere badabiltza. Laster, lau gehiago. Transport of New South Wales operadorearentzat Urbos modeloko dozena bat unitate ekoitzi zituen duela urte batzuk, eta orain lau gehiago eskatu dizkiote. Bi urte barru entregatu beharko dituzte.
Turkian, seinaleztapena
CAF Signalling-ek Turkiako Çerkezköy eta Kapikule hirien arteko trenbideko seinaleztapen sistema jartzeko eskaria jaso du. 153 kilometroko luzera du eta Eurpako kontinentea eta Turkia lotzen ditu, Bulgariako mugatik. Horregatik, linea garrantzitsua da, Europar Batasuneko kide diren herrialdeen arteko pertsonen eta merkantzien garraioa ahalbidetzen duelako.