Hazi eta hezi, uztaileko azoka berezian
Hazi eta hezi proiektu ataundarrak uztaileko azoka berezian hartuko du parte
Uztaileko azoka berezian artisau postu bat gehiago egongo da: Hazi eta hezi proiektu ataundarra. Oihalezko poltsak eta motxilak, fardel eta konpresa higieniko garbigarriak, zakutxo termikoak eta musukoak jarriko ditu salgai. Funtsean, jaioberrientzako material jasangarria ekoizten dute. 2014az geroztik, Gipuzkoako Gabiltza Artisau Elkartearen kide dira.
Sasoiko barazkiak erosteko aukera ere egongo da. Besteak beste, tomateak, piperrak eta alberjinak. Eztiak, loreak, haziak, ogiak, gozoak eta gaztak ere salgai egongo dira.
Larunbat honetan izango da azoka, uztaileko lehen larunbatean. 10:00etan zabalduko dute, 14:00ak arte. Bezeroen artean azokako produktuekin osatutako bi saski zozkatuko dituzte. Saski bakoitzarekin Igartza bisitatzeko bi sarrera ere emango dira. Gainera, 12:00etatik aurrera Loinatz musika eskolako trikitilari eta pandero-joleek giroa alaituko dute.