Selektibitateko notetan Alai Urra ikaslea aurrean
Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioan Gipuzkoako 3. nota onena eta Goierriko gorena atera du San Benito ikastolako Alai Urra ikasleak. Matematika egiteko animatu du. Batxilergoko festa ere egin dute.
Batxilergoa bukatzeko ametsetako amaiera izan du Alai Urra ikasle lazkaotarrak. Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioko edo selektibitateko nota bikaina lortu du, Gipuzkoako hirugarren onena, usurbildar eta errenteriar banaren ondoren. Goierriko ikasleen arteko onena da, beraz. Lazkaoko San Beniton ikasi du.
«Gustura nago, ez dago kexatzerik» xume batekin azaldu du poza Urrak. Batxilergoan zehar selektibitatearekiko barneratu zaion «beldurra» ez zaio horrenbesterainokoa iruditu. «Gustura atera nintzen azterketetatik, errazak iruditu zitzaizkidan».
Bost azterketa egin ditu selektibitatean, derrigorrezkoak direnak. «Hautazkoak ez nituen egin. Fisika, adibidez, ez. Orduan, gehieneko 14 puntuetatik bat ez neukan». Besteak «ia perfektu» atera zaizkio. «Azterketak 10 puntutik baloratzen dira, eta bosten media 9,83 geratu zait. Hori da Gipuzkoako 3. onena».
Matematikaren bidean
Irailetik aurrera, Lazkaoko ikastola utzi, eta unibertsitatera joango da Alai Urra. Eta, lortu dituen notekin, aukeratzeko moduan da. Ingeniaritzaren eta Arkitekturaren artean zalantzan ibili ondoren, azkenean Matematika aukeratu du, Leioan, EHUn. «Duda handiak eduki ditut. Buruhauste handiena zer aukeratu izan da. Matematika betidanik gustatu izan zait, baina apurua ematen zidan gehiegi izango ez ote nuen, eta neure burua atzeratu nuen. Baina notak ondo joan direla ikusita , animatu naiz. Matematika probatu ez izanaren penarekin ez dut geratu nahi. Aldatzeko aukera gero ere edukiko dut».
Selektibitateko lorpenaz gain, ikastolan Batxilergoko azken mailan ikastolan eman dituzten hiru ohorezko matrikuletatik bat ere Alai Urrak jaso du. Batxilergoko batez besteko nota 9,932 geratu zaio.«Uda ondo pasatzeko moduan naiz».
Batxilerrekoen agur festa
Beste opari ahogozagarri bat ere izan dute San Beniton Batxilergoa amaitu duten ikasleek. Pandemiagatik iaz ezin egin izan bazuten ere, aurten amaiera ospatzeko festatxoa egin dute. Arerian elkartu ziren, ostegunean, ikasle, irakasle eta gurasoak.
«Benetan ekitaldi hunkigarria eta zoragarria izan zen. Denok batera, ikasle eta irakasle, armonia onean aritu ginen kantatzen, dantzatzen, bertsotan eta behar bezalako amaiera ematen aurtengo kurtso bereziari», azaldu du San Benito ikastolako Batxilergoko koordinatzaile Josune Etxeberriak.
Bertso hau eskaini diete irakasleek ikasle izan dituzten gazteei: «Ibilbide berri bat / dute begi bistan,/ eta azken hitz batzuk /agur mezu gisan:/ Ikastola oroitu / etxea bailitzan,/ zorte on bizitzan ta / zoriontsu izan».