'Sorginak eta sorginkeriak', musikaz eta hitzez gozatzeko deia
Gorka Hermosa, Edurne Zabalo eta Toti Martinez de Lezearen ikuskizunak irekiko du Uztakale, ostegunean. Doan da, baina sarrera eskuratu behar da Kultur Etxean
Hasiera paregabea izango du ostegun honetan, uztailak 1, Legazpiko Uztakale egitarauak. Eguraldiak baimena ematen badu, 19:00etan Sorginak eta sorginkeriak ikuskizuna estreinatuko dute Agirre-etxeberri parkean hiru artista handik: Gorka Hermosa akordeoi jotzaile eta musikagileak, Edurne Zabalo klarinete jotzaile legazpiarrak eta Toti Martinez de Lezea idazleak. Meteorologiak laguntzen ez badu, Azokan izango da hitzordua.
«Toti Martinez de Lezearen testuek hegan egingo dute Gorka Hermosak konposatu eta Edurne Zabalo klarinete jotzailearekin batera interpretatutako musikaren gainetik», dio ikuskizunaren kartelak. Euskal mito- logian leku garrantzitsua duten sorginen figura izango da hiru osagaiak josiko dituen haria.
«Gure ikuspuntutik euskal emakumeen historia kontatzea da helburua, iragana eta etorkizuna», azaldu du Gorka Hermosak Toti Martinez de Lezearen etxean, Bizkaiko Larrabetzun, egindako entseguetako baten amaieran. Horretarako, Hermosak eta Zabalok musika jarriko dute, lehenaren konposizioekin, eta «hitzak Totirenak dira».
Musika eta hitzak
Bi musikariek joko dituzten piezek «euskal sustraia dute, eta euskal erritmo desberdinak jorratuko ditugu», Urretxuko musikariak azaldu duenez. Horietako gehienak aurrez konposatu dituenak dira, baina beste batzuk ikuskizun honetarako espreski sortuak dira.
Zabaloren ekarpena lan horiei guztiei «klarinetarekin nire ukitua» ematea izango da, eta horrekin batera, Hermosak esan bezala, «Toti eta ni hain dispertsoak gara, bere lana gu zentratzea ere badela». Horren aurrean, «horrelako bi geniorekin lan egitea plazer bat» dela erantzun dio Zabalok. Legazpiarra izanik, bestalde, lan hori Legazpin aurkezteko «ilusio handia» duela aitortu du. «Horrelako proiektu bat nire ingurukoekin, nire gertukoekin (familia, lagunak, legazpiarrak…) konpartitzeak eta estreinatzeak ilusioa egiten dit, eta pozik nago».
Toti Martinez de Lezeak, azkenik, sorginei buruz duen jakintza jarriko du ikuskizunean, eta musikaz lagunduta «zer ziren, edo hobeto esanda, zer ez ziren» azalduko du. Landareak, akelarrea, kondairak… baliatuz, «emakumea gure historian zer izan den kontatuko dut, eta zer izango den». Estreinaldirako egun gutxiren faltan, bere hizketaldia «musikarekin zoragarria» geratzen dela esan du.
Hiru artistek ordu eta laurdeneko ikuskizuna osatu dute, batez ere helduei zuzendutakoa, eta horretaz gozatzeko ikusleei eta entzuleei «burua irekita eta zentzu guztiak erne» eramateko eskatu diete. «Musikazale eta istoriozale guztiei zuzenduta dago» Sorginak eta sorginkeriak.
Sarrerak, Kultur Etxean
Ikuskizuna doan da, baina sarrera eskuratu behar da aurrez, Kultur Etxeko harreran, 09:00etatik 14:00etara, edo 943 73 72 02 telefonora deituta.