Bisitariarentzat eskuorri berria aurkeztu dute Ordiziako azokan
Ordiziako ondare naturalaren, historikoaren, arkitektonikoaren eta kulturalaren informazio biltzen du, besteak beste. Turismo bulegoak ordutegia zabalduko du uztailaren 1etik aurrera
Ordiziako ondare naturalaren, historikoaren, arkitektonikoaren eta kulturalaren balioa nabarmentzen dituen eskuorri berria aurkeztu dute. Ordiziaren pilareetako bat aukeratu dute agertoki bezala; Ordiziako azoka. Hala, asteazkenero azokan saltzera gerturatzen diren ekoizleen artetik, bisitarientzat interesekoa eta erabilgarri izan daitekeen Ordiziaren inguruko informazioa biltzen duen liburuxka. Ekimena babestu dute, Udal ordezkariek, Goierri Turismoak, Ordizian Merkataritza Elkarteak, D’Elikatuz Zentroak eta Ordizia Hotelak.
Horrela mintzatu da Adur Ezenarro alkatea Ordiziaren inguruan: «Berezi egiten dute asteazkenetako asteroko azokak eta Erdi Aroko hiribildu historikoak, bere eraikin eta monumentu adierazgarrienekin. Herriaren nortasun ikurra diren ezaugarri hauek ondo ezagutzeko bisita eta jarduera ugari antolatzen dira. Horrez gain, merkataritza eta ostalaritza eskaintza zabala duzu aukeran eta ireki berria den Hotel Ordizia, hotel goxo eta abegitsuan, lotan gelditu eta esperientzia ahaztezina bizitzeko aukera. Gainera, D´elikatuz interpretazio zentroan Goierri Eskualdeko altxorrak ezagutzeko parada eta informazio guztia topatuko duzu. Bestalde, naturaz gozatzeko, Ordiziako hirigunetik minutu gutxira dagoen Oiangu landa parkeko paraje zoragarria bisita dezakezu, Aralar natur-parkera sarbide aproposa».
Bitartean, Leizea tabernaren eskutik, Azoka pintxoa dastatzeko aukera izan dute, azokara gerturatu direnek. Ahuntz gazta, piper krema, tipula mermelada, piper berde, ogia eta arto xigortua osagai zituen pintxoa prestatu dute Leizeakoek. Errezeta, www.ordiziakoazoka.eus/ webgunean ikus daiteke.
Horrez gain, gogorazi, Leizea tabernaz gain, Hotel Ordizia, Kantoi, Martinez, Pottoka eta Txindoki direla gaur gaurkoz Azokako pintxoa ekimenarekin bat egin duten ostalaritza establezimenduak.
TAberna horietan, Azokako pintxoa kontsumitzen duten bezeroek, txartel bana jaso dute, eta zozketa batean parte hartzeko aukera izango dute.
Turismo bulegoa
Bestalde, uztailaren 1etik aurrera, udako denboraldiaren hasierarekin batera, Ordiziako turismo bulegoak bere ordutegia zabalduko du: Astelehenetik ostiralera 10:00-13:00 eta 16:00-19:00; larunbata, igande eta jai egunetan 11:00-14:00 eta 16:00-19:00.